Markina-Xemeingo kaleetara iritsi dira munduko kantu inprobisatuak
Udaberriko bosgarren saioak izan zuen berezitasunik, areto batean egin beharrean kalean egin zelako, Markina-Xemeingo Kontzejupean, eta horrek bestelako kutsu bat eman zion saioari; gainera, saioa bera osteguneko erritura moldatuz, pintxo-potean amaitu zuten kantuan parte-hartzaileek.
Sardiniarrak eta kurdua izan zituen emanaldiak, bertsolariekin batera: atzokoan, Nerea Ibarzabal eta Jon Martin izan ziren bertsotan. Iker Iriartek gidatutako saioari amaiera emateko Michele Deianak eta Stefano Carak trikiti eta pandero doinuak bere egin eta Egun da Santimamiña joz amaitu zuten Kontzejupekoa; doinu eta kantuek kalean izan zuten jarraipena.
Uztaritzen, 20:00etan
Gaur Uztaritzeko Lapurdi Gelan izango da emanaldia. Aurreko saioak ez bezala, 20:00etan izango da saioa eta Sardiniako, Kurdistango eta Euskal Herriko ordezkariak izango dira han. Bertsotan Miren Artetxe eta Maddi Sarasua ariko dira.