Manex Agirre Arabako Txapeldunari elkarrizketa eta Nafarroako finala Bertsoan

2015/03/24
Manex Agirrek irabazi zuen bigarrenez Arabako Txapelketa larunbatean Gasteizen. Zuzenean eman zuen Bertsoa-k ekitaldia eta iganderako bertsoaldi onenak sarean jarri, finalisten erreakzioak barne. Aste honetan Arabako Txapeldunari elkarrizketa zabala egin diote bertso ibilbideaz eta Arabako bertsolaritzaz. www.bertsoa.com-en ikusgai da jada.

Nafarroako finala zuzenean

Eta Arabatik Nafarroara. Larunbat honetan Elizondon Nafarroako Txapelketako finala jokatuko da: Aimar Karrika, Julio Soto, Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Eneko Fernandez eta Ander Fuentes arituko dira bertsotan. Bertsoa sare-ko plazak zuzenean emango du, Aitzol Barandiaranek zuzendu eta Manolo Arozenaren iruzkinekin.

Igandean bertsoaldi onenak sarean

Nafarroako finaleko bertsoaldi onenak iganderako sarean jarriko ditu Bertsoak. Finalistek balorazioak ere bilduko ditu, eta elkarrizketa zabala egingo dio txapeldunari.

Bertso Korrikako bertsoak

Korrika Euskal Herrian barrena dabil, eta Bertso Korrikak ere han eta hemen utzi ditu bertsoak. Aste honetan, Hendaian eta Aguraingo saioetako onenak emango ditugu.

BBK Sariketako finala

Azkenik, ostegunean Bizkaiko bertsolari gazteen BBK Sariketako finala jokatuko da, eta han izango da Bertsoa sareko plaza ere.