Mahai bueltako bertso jarduna, igandeko Hitzetik Hortzeran
Askotan egin izan da mahaian bertsotan, eta aste honetan alor hori gehiago ezagutuko dugu Hitzetik Hortzeran. Astigarragako Ipintza sagardotegira joango gara. Han urtero antolatzen da bertso bazkaria, eta Agin Laburuk parrilako lanen nondik norakoak kontatuko dizkigu. Igandeko programan, bertsotan egiteko menu perfektua diseinatzen ahaleginduko gara.
Bestalde, Bergarako kartzela zaharreraino joango gara, aratusteetako bertso saiora. Kopla Barik bertso eskolakoek, beste askok bezala, ohitura dute bertso saioaren aurretik afaria antolatzeko, bertsolari, gai jartzaile eta gainerakoentzat. Ibon Leibar “Txinbo” gai jartzailearekin hitz egingo dugu, ea erritu honek geroko saioa hobetzen ote duen jakiteko. Inoiz joan ote zaie bertsolariren bat kontu eske afariak kalte egin diolako?
Bertso jaialdiak, Donostian eta Bergaran
Donostiako Basque Culinary Centerren antolatzen duten jaialdiko bertsoaldi onenak entzungo ditugu igandean. Kantuan aritu ziren Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Agirre. Gai jartzaile lanak Unai Elizasuk egin zituen. Bergarako gaztetxeko saiotik ere ekarriko ditugu bertsoaldiak; han entzungo ditugu kantuan Igor Elortza, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga.
Hori guztia igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean izango duzue; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EITB Nahieran gunean.