Luzia Goñi gertutik, Hitzetik Hortzeran
Tirapun bizi da Luzia Goñi bertsolaria. Basaburuko Aizarotz herrian sortu zen, duela 91 urte. Oso gaztetan hasi zen lanean, eta, berak esaten duen bezala, "hamalau ofizio eta hamabost miseri" pasatutakoa da. Txikitatik izan du bertsotarako zaletasuna: hainbat bertso kantatu eta idatzi ditu, eta oraindik ere badu horretarako grinarik. Hala erakutsi digu berarekin izan dugun elkarrizketa ederrean, eta ikusgai izango duzue igandeko Hitzetik Hortzeran.
Aizarotzen sortu zen, baina bere jaioterria husten ikusi zuen artean umea zela, hiru aberatsek herriko lur guztiak erosi baitzituzten. Gai hori bertsotara eraman zuen Luziak, besteak beste, eta bere familiak eta herritarrek handik alde egin zuteneko une latza deskribatu zuen.
Leoni Etxebarren: Isildu ez zirenak
Irungo Landetxa auzoan egindako bertso bazkarira eta Legazpiko bertso afarira eramango gaitu Hitzetik Hortzerak; baita Andoainen Sahararen alde egindako bertso emanaldira eta Pasai Donibanen Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik izandako saiora.
Gainera, itzalean egondako emakume bertsolarien lanak ezagutzen jarraituko dugu; Leoni Etxebarren, oraingoan. Senarra zuen Fernando Aire "Xalbador" Odolaren Mintzoa liburua amaitzeko zorian zela, argitalpenerako bertso batzuk jartzeko enkargua jaso zuen Leonik. Sorta eder-ederra egin zuen, Xalbadorren sorkuntza prozesua berak nola bizi izan zuen azalduz; ez ziren, ordea, liburuan sartu. 2016an liburua berrargitaratzearekin ekarri zituen Amets Arzallusek argitara, 40 urtez isilean egon eta gero. Oholtza eta ahotsa jarriko diegu bertso horiei igandean.
Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta gerora, EITB Nahieran atarian ikusgai.