"Literatura modernoa ere izan daiteke klasikoa txertatzeko bide"
Donostiko Koldo Mitxelena Kulturunearen aterpean bildu dira bigarren egunez Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietara hurbildutako liburuzain, dokumentalista eta ipuinzaleak. Gaurkoan itzulpena izan da gaia; ipuin unibertsaletatik abiatuta egindako euskarazko itzulpenen egoera, alegia.
Manu Lopez EHUko irakasleak abiatu du saioa. Euskaratutako herri-ipuinetan zehar ibilbidea proposatu du, Mari Errauskinen eskutik. Batetik, Grimm anaien eta Charles Perraulten bertsioak hartu eta horietan topa daitezkeen ezaugarriak alderatu ditu eta bestetik, euskarako itzulpenetan hiru aro bereizi eta horietako bakoitzeko argitalpenek dituzten ezaugarriak. Hala, bi aspektu hauek aintzat hartuta, euskarara itzulitako ipuin bildumak erakutsi eta aztertu ditu Lopezek.
Patxi Zubizarreta idazle eta itzultzaileak, bere esperientziatik abiatuta, itzultzaile lanaren lekukotasuna hurbildu du, eta aintzat hartu beharreko baliabideak aipatu: “ipuinen barne-denborari, erritmoari, begiratu behar zaio”.
Aines Dufau Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko zuzendariak, berriz, ipuinak argitaratzeari buruzko esperientziari heldu dio. Hezkuntzarako euskarazko ikas-tresnak argitaratzen dituzte, haur hezkuntzatik hasi eta batxilergora. Ipar Euskal Herrian egonik, Frantziako curriculumari erreparatzen diote euskarara moldaketa eginez, eta “gure mintzaira eta egoera ere aintzat hartuz”. Zubereran eta euskara batuan egiten dituzte itzulpenak. “Egun, kanpoan jaiotakoak asko dira Ipar Euskal Herrian; desafioa handia da. Horregatik, beharrezkoa zaigu itzulpen lana bermatzea” gehitu du.
Atsedenetik bueltan, Bego Alabazanek ipuinez betetako mahaia zuen prest. Horiek kontatzeko aintzat hartu beharreko baliabideak azaldu ditu eta, noski, gero praktikara eraman ditu Edurne Zuriren ipuina kontatuz.
Mahai-inguruan bildu dira ondoren lau hizlariak eta solasean aritu dira Nere ErkiagaXenpelar Dokumentazio Zentroko kideak gidatuta eta ikus-entzuleek egindako galderekin. Irakurtzea nahikoa ez, eta kontalariak ipuina bere egin behar duela azpimarratu da, Alabazanek esan bezala kontalariak “atondu, jantzi ahal badu, hori baino bide egokiago eta goxoagorik ez dago komunikatzeko”. Ipuinen istorioak eta egiturak oraindik ere gure artean direla aipatu da, nahiz eta lehengo ipuin klasikoen bildumak topatzea horren erraza ez izan; “literatura modernoa izan daiteke klasikoa txertatzeko bide” gehitu du Zubizarretak.
Idatzitik ahozkora: Euskal ipuingintza egungo liburuetan Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak amaitu dira honenbestez. Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren iaz. Bigarren edizio hau ere Mintzola Fundazioaren Elkargunearen baitan, euskal ahozko sorkuntzen inguruan, antolatu da. 2015eko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Fundazioa, Tolosako Udal Liburutegia, eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira. Elkarte hauen laguntza izan dute jardunaldiek: Galtzagorri Elkartea; Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE); eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE).