Lesakan izango da Bertso Eguna, urtarrilaren 25ean

2024/11/26
Sarrerak abenduaren 16an jarriko dira salgai eta orduan emango ditugu xehetasun gehiago.

Oraindik urtea bukatzeko denbora falta bada ere, bukatu bezain pronto iristen da bertsozaleen urteroko hitzordu nagusienetako bat: Bertso Eguna. Azken urteotan egin den moduan, lurraldez aldatuko da aurten ere eta Lesakan batuko gara bertsozaleok.
Urtarrilaren 25ean izango da bertsoaren festa handia, eta egun osoko plana ari gara antolatzen, Laboral Kutxa, Lesakako Udala eta Bortzirietako bertso-eskola lagun ditugula. Goizetik hasita egun guztiko egitaraua izango da, bertsolarien ibilbidetik hasi eta sagardotegian afaltzeraino.

Abenduaren 16an jarriko dira sarrerak salgai bertsosarrerak.eus atarian, eta orduan emango ditugu xehetasun gehiago. Gorde data agendetan!

Urtez urte, lurraldez lurralde
Egun, Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da, baina ez da beti horrela izan. Bertso Eguna, bere horretan, 1995etik antolatzen bada ere, hiru hamarkada lehenagotik ere ospatzen zen tankerako jaia: 1968an hasi zen antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria, Bertsolari Eguna.

Bere izenarekin bat, hasiera hartan garaiko hainbat bertsolari omentzeko eguna izaten zen: Donostian antolatzen zen. 1987an sortu zen Bertsozale Elkartea, eta bere gain hartu zuen egunaren antolakuntza, Donostiako Udalarekin elkarlanean betiere. Horrela izan zen, harik eta 1995ean izena eta formatu aldatu zituen arte: Bertsolari Egunetik Bertso Eguna izatera pasatu zen, eta omenaldi kutsua alde batera utzi zuen.

Bertso Egunaren hurrengo pausoa izan zen, gaur egungo formara iritsi arte, Donostia utzi eta herrialdez herrialde mugitzea: 2018tik aurrera horrela da, herrialde osoan eragitea baitu helburu. Pandemiak eraginda 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu baziren ere, Bertso Egunak egin ahal izan genituen, eta 2023an egun osoko plana antolatzeari ekin genion berriro ere.