Lehen Hezkuntzako ikasleen konpetentzietan bertsolaritzak duen eragina aztertuko du saritutako ikerketa proiektuak
Bertsolaritza eskolan delako proiektua Nafarroan: Ikasleen konpetentzietan duen eragina proiektuak irabazi du Bertsozale Elkartearen ikerketa deialdia. Asier Barandiaranek, Jon Martinek eta Xabat Illarregik osatutako taldeak aurkeztu du egitasmoa eta 4.000 euroko laguntza jasoko dute. Ikerketa lana 2025ko uztailaren 18rako bukatu beharko dute, beranduenez.
Saritu den ikerketa proiektuaren arabera, bertsolaritzak Nafarroa Garaiko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleen garapen integralean duen eragina aztertu eta ebaluatu nahi dute. Ikerketa horren baitan, irakaskuntza-metodoak eta material didaktikoak gaur egungo hezkuntza-beharretara egokitzeko nola eguneratu diren aztertuko dute. Gainera, bertsolaritzaren ikaskuntza-esperientzia osatzeko eta aberasteko tresna teknologikoak nola erabiltzen diren ere ikertuko dute.
Bestalde, bertsolaritza irakasten duten irakasleen balorazio eta esperientziak bilduko dituzte, baita bertsolaritza praktikatzen duten ikasleen eta gurasoen aburuak ere, programaren ikuspegi osoa eta ñabardurak jasotzearren. Ikuspegi horiei guztiei esker, Lehen Hezkuntzan bertsolaritza irakastearekin lotutako onurak zein erronkak identifikatuko dituzte ikertzaileek.
Azkenik, ikasleengan bertsolaritzaren aurrerapena eta onurak neurtzeko erabiltzen diren ebaluazio-metodoak behatuko ditu azterketak. Laburbilduz, Barandiaran, Martin eta Illarregiren ikerlanak Nafarroa Garaiko Lehen Hezkuntzako eskoletako bertsolaritzaren ebaluazio integrala eskainiko du.
Iazko proiektua, amaitzear
Iaz saritutako ikerketa proiektua, aldiz, gauzatzear dago. Hiztun berriak eta ez hain berriak Nafarroako bertso eskoletan izan zen saritutako egitasmoa; Miren Artetxe, Ekhiñe Zapiain eta Naroa Burreso aritu dira buru-belarri. Horrela, azken urteotan Nafarroa Garaiko bertsolaritzari buruzko bi ikerketa lan egitea eta hirugarren bat bidean izatea eragin du Bertsozale Elkartearen ekinak.