Lau bertso saio izango ditugu aste honetan Bertsoa.eus atarian

2020/05/19
Aurreko astean hasitako bidaia amaituko dugu asteazkenean, eta, ostiralean hasita, hiru saio izango ditugu asteburuan: Orozkon, Bilbon eta Hondarribian.

Bertsoa.eus atarian izango direnei atzo eman zien hasiera Ainhoa Larretxearen potokastak. Gai-jartzailetzaren inguruan galdetu zaio beratarrari, eta gutunak ere izan ditu mintzagai.

Aurreko astean Beñat Gaztelumendirekin, Iker Iriarterekin, Josu Iztuetarekin eta Uxue Alberdirekin hasitako bidaia amaituko dugu bihar, asteazkenean.  80 mundutan barrena bidaiatzeko globo aerostatikoa 18:30ean aterako da Bertsoa.eus-etik.

Aste honetako bidaiaren hasiera baino ez da izango asteazkeneko saioa, Euskal Herriko plaza zenbait bisitatuko ditugulako Bertsoa.eus atarian. Ostiralean, Orozkoko Udalaren eskutik, Ez da kasualitatea bertso emanaldia izango dugu 19:30ean: Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita ariko dira kantuan, Begoñe Olabarriak gidatuta eta Araitz Bizkai eta Gari Otamendi musikariek lagunduta.

Larunbatean, bi saio izango ditugu! Eguerdian Bilbo Hiria Irratiak antolatutakoa. Erlantz Ibargurengoitiak aurkeztuta, Alaia Martin eta Andoni Egaña ariko dira bertsotan. Eta egun berean, 17:00etan, Hondarribia Dantzan jarriko dugu Hondarribiko Udalaren, Kemen dantza taldearen eta Antxeta irratiaren eskutik. Antton Fernandezek gidatutako saioan, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin ariko dira kantuan.

Eta, gainera, online eskaintzen diren bertso saioen hautaketa ere izango duzu gerora www.bertsoa.eus atarian, esku-eskura!