Larunbatean izango da aurtengo bigarren Bertso Eguna

2021/03/22
Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan izango da. Aretorako sarrerak amaituta daude, baina online zuzenean ikusteko sarrerak badaude www.bertsosarrerak.eus atarian. Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabalek jarritako gaiei erantzuten.

"Isolamendu garaietan ere josi egiten gaitu bertsoak. Elkarrengana josi. Komunitatera josi. Eragiteko josi. Askatzeko josi. Joskuretatik Bertso Egun bat osatuko dugu Getarian. Bertsolaritzaren baitako formatu, bertsokera eta gorputzak josiz osatuko baitugu emanaldia. Oholtza gaineko elementuak elkarrekin korapilatuz. Oholtza eta oholtzatik kanpokoa hurbilduz. Bertsotan aritzea ez baita bakarkako lana: elkarrekin, elkarrengandik eta elkarrentzat aritzen gara bertsotan, eta lotzen gaituen horri erreparatuz, ordu eta erdi pasatxoko emanaldia josiko dugu martxoaren 27an". Horrelaxe aurkeztu du larunbateko emanaldiaren aurrelanetan aritu den Beñat Gaztelumendi bertsolariak Getarian egingo dugu Bertso Eguna. Larunbatean izango da, 18:00etatik aurrera, Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan.

Larunbateko joskintza lanetara batu nahi izanez gero, bada oraindik jostorratz eta haririk. Aretorako sarrerak amaituta daude, baina Internetez zuzenean ikusteko aukera badago; horretarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude 5 euroren truke, eta 3 eurotan, bazkideen kasuan.

Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabalek jarritako gaiei erantzuten. Lagun gehiago ere izango dira oholtzan, Eli Pagolak, Maider Arregik, Manex Agirrek eta Rosi Lazkanok ere hartuko baitute parte emanaldian.

Bestalde, gogoan izan Hazparnen izango dela 2021eko hirugarren Bertso Eguna, eta emanaldi horretarako sarrerak ere eskuragai daudela www.bertsosarrerak.eus atarian.