Larunbatean egingo dugu Batzar Nagusia, Elizondon
Martxoa hilabete berezia izan ohi da Bertsozale Elkartearentzat. Urtea joan eta urtea etorri, herrialdez herrialde Batzar Nagusiak egin ondoren Euskal Herriko Batzar Nagusia iritsi ohi da. Aurtengo Batzar Nagusia martxoaren 9an izango da, larunbatez, goizeko 11:00etan Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakariak emango dio hasiera batzarrari. Ohi bezala, 2012. urteari errepasoa egingo diogu hasteko, urteko memoria eta balantze ekonomikoarekin.
Behin atzera begirakoa osatu ondoren, aurrera begiratzeko txanda izango da. Herrialde bakoitzak bere momentuko argazkiaren berri emango du lehendakarien ahotik. Gipuzkoatik Saroi Jauregi etorriko da; Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroatik Joana Itzaina; Bizkaitik Asier Ibaibarriaga; Arabatik Ekaitz Elorriaga eta Nafarroatik Alaitz Rekondo.
Herrialdez herrialdeko begirada osatu ondoren, sailez sail aurkeztuko dugu 2013ko egitasmoa. Koordinazioko egitasmoa Aritz Zerainek aurkeztuko du, Genero Taldekoa Ixiar Eizagirrek, Transmisiokoa Miren Irigoienek, Sustapenekoa Sustrai Colinak, Lankukoa Mikel Mariskalek, Ikerkuntzakoa Beñat Gaztelumendik, Xenpelar Dokumentazio Zentrokoa Nire Erkiagak eta Komunikaziokoa Estibalitz Esteibarrek. Bukatzeko, 2013ko aurrekontua aurkeztu eta bozkatuko da.
Aurretik ez-ohiko batzarra
Bertsozale Elkartearen Estatutuak araudi berrira egokitu behar direla eta, ez-ohiko batzarra egingo dugu aurretik. 10:00etan izango da lehenengo deialdia eta 10:15etan bigarrena. Bi batzarrak Iñaki Murua lehendakariak, Xabier Gaztelumendi idazkariak eta Aritz Zerain koordinatzaileak gidatuko dituzte. Bazkide guztiek zabalik izango dituzue ateak, proiektu osoaren argazki bateratua eduki ahal izateko.
Bazkaltzeko aukera ere bai
Batzarraren ondoren Elizondon bertan bazkaritan geratzeko aukera egongo da. Galartza jatetxean egingo da bazkaria, eguerdiko 14:30ak aldera. Martxoaren 9koa egun osorako plana izango da, gainera, ondoren, arratsaldeko 17:30ean Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa jokatuko baita Elizondoko Lur dantzalekuan.
Batzar Nagusira joaterik ez daukanak apirileko Bertsozalean jasoko du bertan hitz egindakoaren berri.