Larraulgo hegaldia arrakastatsua izan da

2024/07/17
Bertso Udalekuen lehen txandak astebeteko egonaldia egin du Larraulen. Baina ez dira egonean egon; munduko txoko desberdinetara bidaiatu baitute.

Uztailaren 8tik 14ra, Larraulgo aterpetxea AIREPORTU bihurtu dute 12-13 urteko 47 lagunek eta 10 hezitzaile-azafatok: egunero bidaiatu dute munduko (zein estratosferako) herrialde ezberdin batera. Lehen egunean begiraleek segurtasun kontroletik pasa zituzten 47 maletak, mugikorrak (eta edozein objektu ausazko) errekisatuz. Zazpi eguneko bidaian, turbulentziazko egitaraua izan dute: “antzerki zuzendaria”, “eguna eta gaua”, “sardinak latan”, “among us”, “kluedo”, “afari mexikarra”, “sormen tailerra”, “mikro irekia”, Zizurkilera txangoa eta bertso poteoa, Asteasuko igerilekuan dzanga…

Hegazkinez Estatu Batuetan izan zirenean, taldea bitan zatitu zen: Pop Star-ak eta Cowboy-ak, nor baino nor aritu ziren lehian. Neurriko bertsolariak etorri ziren, elkarrizketan aritu eta bertso afaritara: Eli Pagola cowboya eta Maddi Agirre pop-starra. Udalekuko lagunek froga xelebreak jartzeaz gainera,  bat-batean ere bertso ederrak bota zituzten!

Hegazkina pilotatzen izan dira Beñat Astiz, Eztizen Alvarez, Izaro Bilbao, Uxue Perez, Beñat Zeberio, Ibai Lekuona, June Aiestaran, Haizea Arana, Joane Aldalur eta Maider Altuna hezitzaileak.

Hemen duzue Larraulgo Bertso Udalekuen laburpen bideoa:

1998. urtetik Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak. Edizio hau Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestu dute, Irizarren eta Kaikuren laguntzarekin.        

Larraulgo Bertso Udalekuetako bidaiariak eta azafatoak.