Lander Garro izango da igandeko Hitzetik Hortzeko gonbidatua

2018/02/22
Argazkilaria, gidoilaria, bideogilea, idazlea... langintza askotan aritutako sortzaile nekaezinak bertsolaritzarekin ere izan du harremanik, "Bertsoaren Aldagelan" dokumentala eta "Aulki-Jokoa" programa zuzendu baititu. Bere konpainian joango gara Lasarte-Oriara, hain zuzen, berak gidatutako bertso saio literariora.

Bete-betea dator aste honetako programa ere. Luxuzko gonbidatu bat izango dugu bidelagun Hitzetik Hortzeran: Lander Garro.

Bide asko landu dituen sortzaile nekaezina da Errenterian jaio eta Hendaian bizi den artista. Argazkilari, bideogile, gidoigile, idazle... jardun askotan aritua da. Gerra Txikia obra da argitaratu duen azken nobela, eta euskal literaturaz eta sortze prozesuaz dauzkan iritziak emango dizkigu.

Bertsoarekin ere badu harremanik Lander Garrok. Umetan bertso-eskolan aritu bazen ere oholtzapean egin dio ekarpenik handiena bertsolaritzari, ikus-entzunezko jardunean. Zuzendari lanetan aritu zen Bertsoaren aldagelan dokumentalean, eta azkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aitzakian beste programa bat ere zuzendu zuen: Aulki-Jokoa.

Lander Garrok eramango gaitu aste honetako lehenengo saiora. Otsailaren 17an bertso-saio literarioa egin zuten Lasarte-Orian, eta Lander Garro bera jardun zen gidari lanetan. Ondoan izan zituen Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolariak. Literatura ardatz hartuta, beren ahotik ezagutuko ditugu liburu batek eduki behar dituen ezaugarriak eta bizitza alda dezaketen liburuak. Eta umoreak ere izango du lekurik, literatur sariak gaitzat hartuta elkarri inbidiaz begiratzen dioten bi idazleren larrutik jardungo baitira Nerea Ibarzabal eta Ane Labaka. Eta Ane Labaka bera Uxue Alberdirekin ere umorez jardungo da, irakurri gabeko liburuen defentsa egin nahian.

Bertso-afaria Aizarnazabalen

Hitzetik Hortzerako kamerak beste saio batean ere izan ziren, programarako bertso bila: otsailaren 16an Aizarnazabalen egin zen bertso-afarian. Iker Zubeldia eta Andoni Egaña jardun ziren kantuan, librean hasieran eta Mikel Aiertza gai-jartzaile zutela ondoren. Entzuleen berotasuna lagun, bertso-saio umoretsua osatu zuten ateraldiz ateraldi.

Hau guztia eta askoz gehiago, igande bazkaloste honetan izango da ikusgai, 15:00ak aldera, ETB1en. Eta ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieran atarian.

Lander Garrok zuzendu zuen Txapelketa Nagusian egindako "Aulki-Jokoa" saioa.