Lagun ugari elkartu da Bertso Egunean

2020/01/18
Aramaioko plazan egin dugu hitzordua. Lehendabizi herrian gora egin dugu bertsozaleok ibilbide gidatua egiteko; ondoren, bost bertso bazkari. Oraindik, festak jarraituko du.

Aramaioko plaza izan du abiapuntu gaur 2020ko Bertso Egunak. Batzuk Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren aurkezpenetik eta jarraian izandako Arabako Bertsozale Elkarteko Batzarretik etorri dira; beste batzuk hamaiketakoa lasai egin eta Aramaioko ibilbide gidatura agertu dira zuzenean. Batekoak eta bestekoak elkartuta lagun ugari elkartu dira herriko plazan, 12:30erako; egia esanda, eguraldiak ere lagundu du horretan.

Amillena Elkarteko Libe Ramila gidariaren eskutik, Aramaioko bazterrak hobeto ezagutzeko aukera izan dugu; berak ere aitortu du ibilbidearen hasiera, ohikoa baino talde handiagoa egokitu zaiola, izan ere, bertsozale ugari joan da Aramaioko kalean gora, plazan hasi, elizan geratu eta parkeraino. Ramilaren azalpenekin eta bertsolarien aleekin, bidean ezagutu ditugu idi probalekua izandakoa, Aramaioko eta inguruko herrien mugak zehaztu zituzten korrikalarien kontuak eta Aramaioko jolas edo atrakzioa den eta parkean kokatuta dagoen txirrista luze eta maldatsua. Marta Ugartek jarri ditu gaiak eta bertsotan aritu dira hiru txandatan, : Amaia Iturriotz, Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.

Uribarri_OnintzaEnbeita_SebastianLizaso

Hura amaituta, bertsozaleak bost otorduetan banatu dira; bakoitzean bina bertsolari kantuan. Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga izan dira Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso izan dira Uribarriko elkartean; Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako elkartean; eta Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria Aramaioko eskolako jangelan. Iparra-Hegoako lagunek prestatu dute otordua.

Aramaioko Udalarekin eta Aramaioko bertso-eskolarekin antolatu dugu elkarlanean 2020ko Bertso Eguna, eta aipatutako beste zenbait elkarteren laguntza ere izan dugu: Amillena Aramaioko turismo elkartea, Iparra-Hegoa eta bazkariak hartuko dituzten elkarteak, kasu.

Jarraian, 19:00etan, Urola erdiko trikitilariak batuko dira festara, eta nahi duenak nahi adina luzatzeko aukera izango du.

[ARGAZKIAK]

Aramaioko parkean amaitu da goizeko ibilbidea.