Lagun iezaguzu Plaza Biziberritzen!

2022/05/24
Ideiak 2022 deialdira aurkeztu du Bertsozale Elkarteak sei bertso saioz osatutako zikloa. Deialdia bozketa fasean dago orain, eta deialdiaren lurralde eremuko herritarrek gehien bozkatzen dituzten proiektuak gauzatuko dira.

Gipuzkoaren eta Pirinio Atlantikoen lankidetza handitu asmoz, mugaz gaindiko proiektuak sustatzeko Ideiak 2022 aurrekontu parte-hartzailea atera dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak.

Bertsozale Elkarteak Plaza Biziberritzen proiektuaren baitan kokatuko litzatekeen sei bertso saioz osatutako zikloa aurkeztu du deialdira. Prozesuko lehen pausoak emanda, bozketa fasean sartu da orain deialdia. Deialdiaren lurralde eremuko herritarrek - hau da, Gipuzkoako, Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako herritarrek - eman dezakete botoa, eta boto gehien jasotzen dituzten proiektuak gauzatuko dira, deialdiko aurrekontua bukatu arte.

Gipuzkoan bizi den 16 urtetik gorako eta Pirinio Atlantikoetan bizi den 11 urtetik gorako pertsona orok eman dezake botoa. Ekainaren 17ra arte eman daiteke boza, www.gipuzkoa64.eu/eu/ideiak2022 atarira sartuta.

Bertsozale Elkarteak proposatzen duen proiektuak sei bertso saioz osatutako zikloa jasotzen du: plazaz plaza dabiltzan bertsolari ezagunek eta tokian tokiko bertsolari gazteek hartuko lukete parte, eta deialdiko lurralde eremua aintzat hartuta, Gipuzkoan, Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan saio bana izango litzateke gutxienez.

Plazan eragiten jarraitu nahi dugu proiektu honekin, plaza berriak sortzeak beste antolatzaile batzuengan eragin eta soka luzeagoa ekar dezakeelakoan. Bertsozale berriak erakartzen ere egin nahi dugu ahalegina, berritasunari leku berezia eginez.

Lagun iezaguzu zure botoarekin Plaza Biziberritzen!

Ekainaren 17ra arte eman daiteke botoa.