Kultura transmisioaren inguruko gogoetak Ahoa Bete Hotseko bigarren egunean

2014/07/03
Hiru hizlari berri izan dira Ahoa Bete Hots jardunaldien bigarren egunean: Joseba Tapia, Jon Sarasua eta Antton Luku. Norbera bere arlotik kulturaren transmisioaz aritu da eta eguna hiruren arteko mahai-inguru batekin amaitu da. Bihar amaituko dira Ahoa Bete Hots jardunaldiak.

Herri musikaren transmisioaz mintzatu da Joseba Tapia (Lasarte, 1964) musikaria. Herri musikak ganbaratik akademiara edo entsegu lokaletatik musika eskoletara egiten duen bidearen kezkaz hitz egin du.

“Transmisioaren garrantzia” izan du hizpide Jon Sarasuak (Aretxabaleta, 1966), bertsolaritzan zein beste kultur jardueratan.

Antton Lukuk (San Francisco, 1959), berriz, bere “Euskal kultura?” eta “Libertitzeaz” liburuetan bildu dituen ideia nagusietako batzuk laburbildu ditu, antzerkiaren transmisioaz hitz egiteko.

Hiruren parte-hartzea izan duen ahozko generoen transmisioaren inguruko mahai-inguru batekin eman diote amaiera gaurko saioari.

Bihar amaituko dira Villabonan Mintzola Fundazioak antolatu dituen Ahoa Bete Hots jardunaldiak. Hiru hizlari arituko dira: Xabier Amuriza (“Bertsolaritzaren transmisioa” izenburupean), Antton Irusta (“Ipuinen transmisioa”) eta Miren Artetxe (“Bertsolaritzaren transmisioaren eragina gazteen hizkuntza erabileran”). Egunari amaiera Xabier Amuriza eta Miren Amurizaren bertso saioa izango da.