Kuadrilla artekoaren amaiera jaira begira jarriko da Bertsoa

2016/03/07
Horretarako, Uxue Diaz de Cerio Arabako transmisio arduradunarekin izan da Bertsoa. Gainera, martxoaren 8a da bihar eta Elizondon egindako “Ez da Kasualitatea” emanaldiarekin egingo dio keinu Bertsoak Emakumeen Nazioarteko Egunari.

Martxoaren 12an, larunbatean, izango da Arabako Kuadrilla artekoaren amaiera jai handia eta aurrez, Uxue Diaz de Cerio Arabako transmisio arduradunarekin izan da Bertsoa. Urtarrilean abiatu zen ekimenaren nondik norakoak azalduko dizkigu Diaz de Ceriok asteazkenean.

Bihar, martxoak 8, izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta egunari keinu eginez, Elizondon gauzatu zen Ez da kasualitatea emanaldia argitaratuko du Bertsoak.

Aste Santuaren atarian hainbat sariketa eta txapelketa amaitu edo amaitzear dira, eta horien guztien berri eskainiko du sareko plazak: Erniarraitz, Argi Berri eta BBK sariketak, Zortzi Puntutan, Gipuzkoako Eskolartekoa, Bardoak eta Kuadrilla artekoaren ingurukoak izango ditu gaur eta bihar. Bestalde, datozen asteburuan etorriko direnak ere iragarriko ditu, hala nola, Osin berde sariketa.

Bertsoei dagokionez, Lasarte-Oriako, Bardoetako eta Erniarraitzeko finaleko saioetako bertsoaldiak izango dira entzungai. Ostiralean, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin, 2010eko Arabako Kuadrilla artekoan botatako bertsoaldia berreskuratuko du Bertsoak.

Bertsolaritzaz beste modu batean ere hausnartzeko aukera eskainiko du sareko plazak eta bertsoen gaien inguruko erreportajea izango da ikusgai ostegunean.

Aste honetan ere hamaika bertso-kontu dakartza Bertsoak