Korrikaren atarian, saio ugari

2017/03/17
Hamabost bertso saio izango dira Bertso Korrikaren baitan datozen egunotan: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan izango dira hitzorduak.

Korrika hurbildu ahala, ugarituz doaz Bertso Korrikari loturiko hitzorduak. Datozen egunotan, hurrengo igandera bitarte, hamabost bertso saio izango dira Euskal Herri osoan zehar.

Gaur Trapagaranen bertso-eskolen arteko desafioa jokatuko da, Itsaso, Barrika eta El Pozo tabernetan poteatuz. 19:30ean abiatuko da bertso poteoa. Bestetik, Mungian izango dira Miren AmurizaAitor Esteban, Xabat Galletebeitia, eta Nerea Ibarzabal bertsotan, Bernardo Mandaluniz gai jartzen dela. 20:00etan Mugire txokoan izango da hitzordua.

Asteburuan beste bost saio izango dira; horietako hiru bihar. Bernedon 13:00etan ekingo diote eguneko planari: triki-poteoa egin, eta gero bertso bazkaria antolatu dute Paula Amilburu eta Jagoba Apaolaza kantuan direla. Araban bertan, beste bertso poteo bat izango da Bastidan, baina arratsaldean, 19:00etan. Orlando Arreitunandiak gaiak jarrita, bertsotan ariko dira Unai BengoetxeaIker Olabarrieta eta Felipe Zelaieta. Ordubete lehenago, 18:00etan izango dute hitzordua nafarrek, Aurizberriko frontoian. Martin Azpiroz, Karine Etxeberri, Miguel Angel Ortiz de Guzman, Imanol Ubau, Unai Uberetagoena, Aitor Zazpe eta Fernando Ziganda ariko dira kantuan, Aritz Albeniz eta Txento gai jartzen direla. 

Igandea ez da atseden eguna Bertso Korrikarentzat: Igorren eta Lasarte-Orian izango dira saioak 19:00etatik aurrera. Hain zuzen, Igorrekoa Lasarte aretoan izango da, Miren Amuriza, Sustrai ColinaUnai Iturriaga eta Maialen Lujanbio bertsolariekin; eta bigarrena, Fruria Beltza tabernan. Bertso saio musikatua izango da eta Miren Artetxek, Nerea Ibarzabalek, Ane Labakak eta Alaia Martinek egingo dute bertsotan, Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikan lagun dituztela, eta Amaia Agirre gai jartzen dela. 

Datorren astean 

Ostiralera bitarte, egunero izango da bertso saioa. Astelehenean bertan Derioko Kultur Birikan, 19:00etatik aurrera, Malen Amenabar, Ortzi Garitano eta Etxahun Lekue ariko dira kantuan. Hurrengo egunean, ordu berean, Barakaldoko Ibarra-Kaldu elkartean izango da Bertso Korrika; eskualdeko bertsolariak ariko dira. Asteazkenean, Lizarrako “La Bota” elkartean izango da saioa 19:30ean hasita. Ander Aranburu, Pello Etxaniz, Ixak Etxeberria, Egoitz Galarza, Aitor Irazustabarrena eta Mikel Pinillos ariko dira bertsotan eta Aitor Goya gai jartzen. Ostegunean, Hendaiara joango da Bertso Korrika ttipi-ttapa: Maialen Akizu, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Maddi Sarasua eta Egoitz Zelaia izango dira bertsotan, Zuhaitz Olazabalek jarritako gaiei erantzuten. 

Gaur zortzi, bakarra ez eta lau saio egingo dira: Agurainen, Arrigorriagan, Getxon eta Baionan. Lehen hiru hitzorduak 20:00etan hasiko dira. Aguraingo Kilkenny tabernan Nerea Ibarzabal eta Ander Solozabal bertsolarien eskutik bertso saio musikatua eskainiko da. Ordu berean Arrigorriagako Argala plazatik abiatuko dira bertso poteoan Oihana Bartra eta Etxahun Lekue. Getxon, Arrate Illarok eta Inazio Vidalek abiatuko dute bertso poteoa Algortako Bodeguilla Butron tabernan. Handik ordubetera, Baionako Kalostrape ostatuan bertso musikatuak izango dira Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Beñat Gaztelumendi eta Nahia Sasco bertsolarien eskutik. 

Aste honetan ere aitzakiarik ez, beraz, Bertso Korrikarekin bat ez egiteko.

Datozen egunetako hitzorduak.