Korrika eta bertsoa, Hitzetik Hortzeran

2016/12/22
Udaberrian abiatuko da Korrika Otxandiotik, baina lanean ari da jada Asier Amondo, Korrikako koordinatzailea. Korrikaren eta AEKren inguruan hitz egingo dugu berarekin, eta Laudioko bertso-jaialdira ere lagunduko digu; aste honetako historikoan ere Korrika hartuko dugu gaitzat. Eta Markina-Xemeingo jaialdi beroko bertsoaldi onenak ekarriko ditugu pantailara.

Bi urtetik bi urtera euskararen geografia osoa ikustarazten duen ekimen erraldoia da Korrika. 2017ko udaberrian abiatuko da 20. edizioa, eta Asier Amondo laudiotarra ariko da koordinatzaile lanetan. Bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako protagonista. Korrikan eta AEKn egindako lanaz ariko gara berarekin, baina baita bertsolaritzaz ere. Besteak beste, Arabako txapeldun izan zen orain dela urte batzuk bertso-paperetan, eta Laudioko bertso-eskola ere gertutik ezagutzen du. Arabako lehenengo bertso-eskola izan zen Laudiokoa, 1981ean sortu baitzen.

Korrika izango da aste honetako bertsoaldi historikoko gaia ere. 1991ko martxoan AEKren aldeko bertso-jaialdi jendetsua egin zuten Tolosan. Tartean ziren Andoni Egaña, Imanol Lazkano eta Jon Lopategi, eta Korrika gaitzat hartuta saio dotorea eskaini zuten. Bertsoaldi hori ekarriko dugu aste honetako programara.

Dantza eta euskara Laudion

Asier Amondok gidatuta, Laudioko bertso-jaialdira joango gara. Aissa Intxausti, Unai Iturriaga, Jon Maia eta Onintza Enbeita aritu ziren kantuan Asier Rubio gai-jartzaile zela, eta saio umoretsua osatu zuten. Saioko unerik onenak ekarriko ditugu aste honetako programara: Jon Maia eta Unai Iturriaga Hugo Chavezen eta Fidel Castroren paperetik munduari ironiaz begira; Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Aissa Intxausti euskaltegian euskara ikasi nahian; Onintza Enbeita eta Jon Maia dantzan; Jon Maia, Unai Iturriaga, Aissa Intxausti eta Onintza Enbeita puntutan... Ironia eta umorea gogotik eskaini zizkiguten bertsolariek.

Urtea joan eta urtea etorri, bertso-saio jendetsua egiten da Markina-Xemeinen Kontzesio Egunez, abenduaren 8an, alegia. Aurtengo honetan Josu Goikoetxea aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta luxuzko seikotea bertsotan: Alaia Martin, Sebastian Lizaso, Etxahun Lekue, Andoni Egaña, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus. Saioko bertsoaldi onenak ikusgai izango dira igandeko programan.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster Interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Asier Amondo Korrikako koordinatzailea izango da aste honetan gonbidatua.