Koplak, Euskaren Egunean
"Euskazko kultura, euskara bera bezalaxe, larrialdian dagoelako", koplak zabaldu ditu Lanartea elkarteak gaurko eguneko ekitaldietan irakurri zein kantatzeko. Hauexek Euskararen Egunean herriz herri kantatzeko koplak:
Euskal sorkuntza larrialdian dagoela uste duzu?
Entzun arretaz eta zalantzak argitu ahalko dituzu.
Euskal kultura deitzen duguna biak batera ez da ba?
Askok zergatik banatzen dute kultura ala euskara?
Euskal sorkuntzak badu lekurik kultur programazioan?
Ala kuotaka saltzen gaituzte haizearen prezioan?
Euskal kulturak ba al du bere kultur programaziorik?
Ala ez dago dirurik eta ez dago espaziorik?
Euskal sorkuntzak erdal sorkuntza ote du arerioa?
Ez al diogu geureari zor bere foku propioa?
Euskal sortzaile anitzak gara, eta kulturaren plazan
inork ezin du zalantzan jarri izatea zertan datzan.
Euskal sorkuntza erakundeen diskurtsoen edergarri?
Utzi loreak botatzeari eta oinarriak jarri.
Euskal sorkuntza Euskal Herriko aberastasuna ote?
Hala esaten duten gehiegik bizkarra eman diote.
Euskal sorkuntzan dihardugunok zein lan baldintza ditugu?
Prekarietate derrigortuak sorlana baldintzatu du.
Euskal sorkuntzan dihardugunok segi dezakegu sortzen?
Nola jarraitu inork ez badu hau lana denik aitortzen?
Euskal sorkuntza ez al da euskal kultur politiken funtsa?
Eta EITBn, esaterako, non dago gure sorkuntza?
Euskal sorkuntzan ari garenok, arren, ez hartu erdizka
artista eta langile gara, langile eta artista.
Euskal sorkuntzak migranteekin ote du bere gatazka?
Ala guztien elkarrekintzan dago bere arrakasta?
Euskal sorkuntzak behar dituen lagunak edo zaleak?
Erakunde nahiz programatzaile, medioak, hartzaileak.
Euskal sorkuntza larrialdian dagoela uste dugu,
larrialditik ateratzeko ZU ere behar zaitugu.