Kanturako beste, ikertzeko
Haizetsu dabil giroa. Ikerketa ere halakoxea izan daiteke, bai ikerlariarentzat, bai eragin-eremuarentzat: haizete bat. Villabonako Subijana etxean hartu dute aterpe ikasleek. Beti izaten ditu ateak zabalik Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, interesa duen edonork bisita gaitzake, baina oraingoan hitzordua aurrez lotua izan da. Etxekoa baita Jone Miren Hernandez, eta bera etorri da, ikasleekin batera.
Fernandezen ikerketa-ibilbidean bertsolaritzak protagonismoa hartu du, eta horren adibide dira egin dituen hainbat argitalpen. Tartean, “Emakume bertsolariak: ahozkatu gabeko identitatea” (2006-2007) eta “Emakume bertsolariak: bertsotik bertsora, hanka puntetan” (2012). Argitalpenen izenburuetan jasotzen den moduan, feminismoa, generoa, emozioak eta gorputza bezalako gaiak ditu interesgune. Hortik ari da garatzen bere begirada, bai bertsolaritzari, bai euskal kulturari. Eta begirada horretatik jardun gara ikasleekin, bertsolaritzari beste leku batetik begiratzeko: gertutik, hasteko; ikerketa esparru posible gisa, bestetik; eta, nola ez, begirada feministatik.
Horretarako, baina, ikerketarako abiapuntu diren hiru gako nagusiak azaldu ditu Fernandezek, eta horiek bertsolaritzan izan dezaketen oihartzuna kontatu du. Jarraian, Xenpelar dokumentazio zentroa ezagutu dute Oihana Aranburu eragilearen eskutik. Izan ere, Xenpelar gakoa da ikerketarako, bertsolaritzaren ondarea biltzen, antolatzen eta gizarteratzen baitu, honela, maila guztietako ikerketa bultzatuz. Ikerlari batentzat “pagotxa” da Xenpelar, esku-eskura baitauka informazioa nahi duenean kontsultatzeko. Hala adierazi du bisitan egondako bi ikerlaritako batek (zeinak amaierako ginga jarri dieten bisitari, bertsolaritza feministaren inguruko hitzaldi batekin), Oihana Iguaranek. Berak, bere ikerketa-prozesuan zehar “bidelagun” izan du Xenpelar dokumentazioko lan taldea. “Luxua da”, dio irmoki, “ikerketa-lana asko errazten du”.
Xenpelar dokumentazio zentroa hitzez ez ezik, bertatik bertara ere ezagutu dute. Azalpenen ostean instalakuntzak bisitatzeko aukera izan dute, eta dokumentazio historikoa ikusteko aukera: zartatutako binilo batek biltzen dituen Txirritaren bertsoak, lehen kaseteak…
Bisita biribiltzeko, Subijana etxeko ganbararen goxoan Ainhoa Urien lehendakaritzako kideak eta Oihana Iguaran bertsolariak, bertsolaritza eta feminismoa uztartzen dituen hitzaldia eman dute: bertso saio baten nondik norakoetatik hasi (osaketa, kokapena, rolak, gaiak jartzerakoan kontuan izan beharrekoak…) eta ikasleek jarritako gaien kantuan erantzuteraino. Bertsotan Iguaran bera aritu da Ikerketa saileko Karlos Aizpurua eragilearekin batera. Honela, bertsolaritzaz entzuteaz gain, bertsoak entzuteko aukera ere izan dute ikasleek.
Informazioaren hartu emana ez da aldebakarrekoa izan. Ikasleek ere ekarpen eta gai interesgarriak mahai gaineratu dituzte, nork bere errealitatetik eta interesetik. Izan ere, bertsolaritzarekin harreman eta distantzia desberdina daukaten ikasleak bildu dira. Saioaren amaieran, ordea, guztiak sentitu dira bertsolaritzatik gertuago; hori bai hori, ginga jartzea.