Kantagintzak hartu du Bertsoa Unibertsitatean

2015/07/07
Jaione Eskudero, Itziar Irigoien eta Marie Hirigoien izan dira hizlari.

Kantagintza eta hezkuntza ongi ezagutzen dituzten hizlariak izan dira gaur Bertsoa Unibertsitatean eskolan. Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan ikastaroaren baitan, kantagintzaren transmisioaz aritu dira Jaione Eskudero, Itziar Irigoien eta Marie Hirigoien.

09:15ean hasi du bere saioa Jaione Eskuderok, musika eta hezkuntza arautuko irakasleak. Ikastetxeetan, maila ezberdinetan, kantuen bidez landu daitezkeen ikasbideak eta horretarako abesti eta jolasak ekarri ditu. Haur txikienetatik hasi eta helduetarainoko kantu bidaian barrena gidari lanak egin ditu Eskuderok; eta amaieran, gomendioa ere eman du: “txikitan ikasitako abesti guztiak betirako gorde”.

Kanta kontuetan jarraituz, lekukoa hartu du gerora Itziar Irigoien musikari eta irakasleak. Abestiek hainbat hizkuntza elementu eta gaitasun lantzeko balio dutela azaldu du, ahoskera eta fisiologiarekin lotura duten beste onura batzuk ekartzeaz gainera: "hizkuntza egiturak landu daitezke, antonimoak, hiztegia... eta baliabide horiek behar ditugunean, abestiak gogoan baditugu, horietatik har ditzakegu", azaldu du Irigoienek.

Etenaldiaren ondotik, Soinubila musika eskolako Marie Hirigoienek hartu du hitza. Ekialdeko euskal kantaera ekarri du berak. Fondoak arakatuta, XX. mende hasierako kantuen laginak ekarri ditu eta musikaren azterketa eta transmisioarena ere egin du.

Amaitzeko, hiru hizlariak mahai-inguruan bildu eta hurbildutakoekin kantagintzaz aritu dira, euren saioetan jorratutako hari muturrei tira eginda.

Eguna ez da amaitu

Arratsaldean emanaldia eskainiko dute Ainhoa Ansa kantariak eta Uxue Alberdi eta Igor Elortza bertsolariek. Miramar jauregian dagoen estalitako terraza batean izango da, 19:00etan eta doakoa da. Gonbidatuta zaudete!

Marie Hirigoien, Itziar Irigoien eta Jaione Eskudero