Kalean da apirileko Bertsozalea

2015/04/08
Elkartearen Batzar Nagusiaren ingurukoak eta gazteentzat antolatutako ekitaldiak dira hizpide.

Martxoaren 7an egindako Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusiak hartu du ale honetako azala. 61 bazkide hurbildu ziren Senperera proiektuaren nondik norakoak ezagutzera. Datozen egitasmoei dagokionez, Gipuzkoako txapelketan jarriko dira orain indarrak, Araba eta Nafarroakoa atzean utzita. Udarako ere bada eskaintza, eta EHUko udako ikastaroen baitan Bertsoa Unibertsitatean bost eguneko eskola antolatuko da, baita Aho Bete Hots jardunaldiak ere. Gaztetxoek ere izango dute bertsolaritzaz gozatzeko aukera, elkarteak antolatu dituen bertso-udalekuei esker.

Gipuzkoako Bertsozale elkarteak azken urteetan egin duen moduan, Gipuzkoako bertso-eskolen eguna antolatu du Pasai Donibanen, datorren apirilaren 28an. Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea da bilkura honen helburu nagusia. Itsasoa izango du gai nagusi aurtengo bilkurak eta goizetik arratsalderaino egitarau oparoa dago antolatuta.

Bertso-udalekuena, ordea, ez da gazteentzat prestatutako egitasmo bakarra, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zein Bertsularien Lagunak elkarteak bertso topaketak prestatu baitituzte apirilaren erdialdean hasita. Apirilaren 26an ere Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatuko da Irunen, eta horren ingurukoak ere biltzen dira hilabete honetako Bertsozalean.

Hilabete honetako Bertsozalea