Kalean da abenduko BertsoZalea

2015/12/11
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalak hartu du azala; Bertso Egunaren aurrerapenak ere badu tartea urteko azken berripaperean.

Hainbat bazkidek jaso dute jada posta elektronikoz abenduko BertsoZalea; paperezko berripapera ere bere bidea egiten ari da postontzietara. Urteko azken alea izanik, aurtengo zein datorren urteko egitasmoak ditu protagonista 169. zenbakiak.

Abenduaren 19ko hitzorduan jarri du arreta hilabete honetako BertsoZaleak; Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalari begira aintzat hartu beharreko informazioa dakar aleak. Bertsotruk bertso-eskolen arteko desafioak ere martxan dira azarotik eta desafio sorta hauen inguruko xehetasunak aurki daitezke berripaperean. Zortzi Puntutan ekimena ere abiatu berri da Bizkaian, eta beste horrenbeste Bizkaiko Bertsolari Txapelketari dagokion antolaketa. Bi fase izango ditu txapelketak eta lehenerako izen-ematea amaituta, antolaketan dabil Bizkaiko Bertsolari Txapelketako taldea.

Urtea ondo amaitzeko, bertsolaritzaz bakarrik ez, eta antzerkiaz, kantuaz eta literaturaz gozatzeko aukera izango dute hainbat gaztek Ahots Baten sormen egonaldietan. Eta urtea ondo hasteko Bertso Egunerako plana proposatzen du BertsoZaleak: urtarrilaren 30ean izango da Donostian eta abenduaren 22an jarriko dira sarrerak salgai. Baten zein bestearen nondik norakoak aurki daitezke berripaperean.

Poto-finix “gozoa” eta Aitor Servierren “puntua”  ere ez dira falta 169. zenbakian. Gozatu!

 

Abenduko BertsoZalea