Juantxo Arakamarekin Tolosara joango da Hitzetik Hortzera

2018/01/25
Glaukoma musika-taldeko abeslaria eta letra askoren egilea da Juantxo Arakama. Musikaz, letragintzaz eta Tolosaz ariko gara berarekin hizketan. Izan ere, aste honetan bertso-saio berezi batek beteko baitu programako tarterik zabalena: Atariaren alde Tolosako Leidor antzokian egin zen saioak. Getariako bertsoaldiak ere entzungai izango ditugu gainera.

Azken urteotan ospe handia lortu du Glaukoma musika taldeak. Reggaea jotzeko elkartu arren, raparen doinuak ere txertatu dituzte beren abestietan. Aste honetako Hitzetik Hortzeran taldeko kantaria eta letragilea izango dugu gonbidatu moduan: Juantxo Arakama.

Tolosarra da Juantxo Arakama, eta azken urteotan bertso-saio askotara joateko aukerarik izan ez arren, gertutik ezagutzen du bertsolaritza. Musikan egin duen ibilbidea ezagutzeaz gain, Tolosari buruz ere arituko gara berarekin. Gertuko ahaideak dira bertsoa eta rapa gainera, hitzak pisu handia hartzen baitu bietan. Bien arteko antzekotasunez eta ezberdintasunez ariko gara Juantxo Arakamarekin, eta kantuan entzuteko aukera ere izango dugu.

Tolosaldeko Atariaren alde

Eta Juantxo Arakamaren laguntzaz joango gara aste honetako bertso-saio nagusira. Azken urteotan tradizio handiko saioa bihurtu da urtez urte Tolosaldeko Ataria hedabidearen alde egiten dena. Aurtengoan ere lepo bete da Tolosako Leidor Antzokia, eta giro beroaren babesean saio ederra osatu zuten Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Agin Laburuk, Beñat Iguaranek, Amets Arzallusek eta Aitor Mendiluzek.

Amaia Agirre aritu zen gai-jartzaile moduan eta, ohi duen gisan, ederki uztartu zituen umorea eta gaurkotasunezko gaiak. Esate baterako, autoeskola batean gidabaimena atera nahian entzungo ditugu Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Beñat Iguaran; baztertutako jostailuen larrutik ariko dira Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Beñat Iguaran eta Agin Laburu; eta aita-semeen paperetik jardungo dira Agin Laburu eta Beñat Iguaran. Beñat Iguaranek berak bertsoaldi umoretsua osatuko du Andoni Egañaren laguntzaz. Beñat Iguaranen aita eta Andoni Egaña Zarauzko Lizardi sarian kantuan aritu ziren 1982an, eta 26 urte igaro ondoren semea desafioka etorriko zaio Andoni Egañari.

Bakarkako bertsoaldi eder bat entzuteko aukera ere izango dugu. Gauean, parrandan, leku deserosoan jarriko du Andoni Egaña Amaia Agirre gai-jartzaileak, eta zazpi puntuko neurrian, ederki biribilduko du umore kutsuko bertsoaldia zarauztarrak entzuleen gozamenerako.

Sindikatuak, geografia eta suteak Getarian

Aste honetan, ordea, Tolosako bertsoaldiez gain bestelako aleekin gozatzeko aukera ere izango dugu. Urtarrilaren 14an saio ederra izan zen Getarian, eta hango hiru bertsoaldi berreskuratuko ditugu Hitzetik Hortzerarako. Hasteko, Sustrai Colina eta Igor Elortza bertsolarien sindikatu bat sortzeko lanetan jarriko ditu Uxue Alberdik. Ariketa berezia jarriko dio Amets Arzallusi ere, bertsotarako dagoen molderik zailenetako batean jarriko baitu kantuan Euskal Herriko maparen gainean: bederatziko txikian. Geografia eta teknika erakustaldi aparta emango du hendaiarrak. Eta, azkenik, kartzelako lanean entzungo dugu Maialen Lujanbio; baina ez edozein kartzelako lanetan. Azkeneko urteotako joerari buelta emanaz, gai itxi bat jarriko du Uxue Alberdik. Hernaniarra ederki aterako da atakatik.

Astero bezala, igande bazkalostean izango da hitzordua, 15:00etan, ETB1en. Eta Interneten ere eskueran izango da programa EITB Nahieran atarian.

Rapaz eta bertsolaritzaz ariko zaigu, besteak beste, Glaukomako Juantxo Arakama.