Joxe Mari Iparragirre gogoan, Hitzetik Hortzeran
Urretxun jaio zen Joxe Mari Iparragirre baina ez zen leku batean geldirik egoteko gizona. 14 urterekin hartu zuen parte lehenengo Karlistaldian, eta hura galduta, Frantziara egin zuen ihes. Han garatu zituen bere musikarako dohainak, eta Italian, Suitzan, Alemanian eta Londresen zehar ibili zen kantuan. 13 urteren ondotik itzuli zen Euskal Herrira baina bigarren erbestealdi bat ere izan zuen, bere kantuekin euskaldunengan sentimendu biziak pizteagatik bota baitzuten Euskal Herritik.
Iparragirre izango dugu gogoan larunbateko Hitzetik Hortzeran, eta, horretarako, bere bi estatua famatuenen aldamenean izan gara bi bertsolariren konpainian: Urretxun, Maialen Akizurekin; eta Onintza Enbeitarekin, Gernikan.
Bertsoaldi kuttuna, Urnietatik
Joxe Mari Iturbe bertsozalearekin elkartuko gara Urnietan. Bere bertsoaldi kuttuna zein den galdetu diogu; urte batzuk atzera eginda, Manuel Lasarte bertsolariaren bertsoaldi eder bat izango dela aurreratzen dugu.
Eta, noski, bertsoaldiak ez dira faltako: Atarrabiako, Berriozarko, Lizartzako eta Ondarroako aleak entzungo ditugu.
Larunbatean, 21:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en.