Jexux Mari Irazu: “Ia ezin bestean, adimen artifiziala bertsolaritzan integratzea tokatuko da"
Adimen Artifizialaren aroan gaude. Badator ez, etorri da. Adimen Artifiziala da Youtuben zer ikusi proposatzen diguna, BERRIAn artikuluei ahotsa jartzen diena, autoko GPSan bide bat edo bestea hartu proposatzen diguna… Eta bertsolaritzan zer leku du? Eta bertsoak AAn? Dagoeneko gai da bertsoak transkribatzeko. Eta, trebatuz gero, hori zein beste hamaika gauza egiteko gai izango da. Gaiak zirika egiten zion Jexux Mari Irazuri eta ikertzea erabaki du; baina geroz eta ardura gehiagoz bizi du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ere, eta horren urrutikoa zaigun baina gertu daukagun gaiaz gogoetatzeko lan saioa antolatu genuen martxoaren 29an Amasa-Villabonako Subijanan etxean.
Adimen artifiziala (AA) eta bertsoa. Bi mutur dirudite, baina uste baino gertuago daude…
Bertsoa eta bertsolaritza balizko mutur askotatik daude gertu, loturak egiten asmatuz gero. Kasu honetan, adimen artifiziala gainera etorri zaigu, baita bertsolaritzan ere. Adituen ustez, 10-15 urteko perspektiban jarrita, bertsolaritzan ere oinarrizkoak diren lan prozesuak, zabalkundea edo transmisioa neurri batean behintzat AAren bidez egingo dira. Horrez gain, AA oso presente dagoen testuinguruan garatuko da bertsolaritza ere, gazte eta ez hain gazteengan. Epe ertainera, ia ezin bestean, AA bertsolaritzan integratzea tokatuko da. Ona baliatu eta txarraren kalteak minimizatu beharko ditugulakoan nago.
Zer ekarpen egin diezaioke AAk bertsolaritzari? Zein aukera ikusten dizkiozu?
Lehen fase batean behintzat, irratiak, telebistak edo Internetak bertsolaritzari egin dioten ekarpenaren antzeko zerbait irudikatzen dut, baina adimen artifizialaren ezaugarrietara egokituta. Zabalkundean eta lan prozesu askotan ekarpena egin dezake. Gero, AA sortzailea deitzen dutena dago, informazio multzo handiei lotua. Adituen arabera posible izan daiteke bertsolaritzari buruzko ChatGpt espezializatu bat garatzea, Bertsozale Elkartearen irizpidepean. Horrek zenbait ate zabaltzen ditu.
Jexux Mari Irazu, bertsoa.eus-eko proiektu arduraduna: “AA pagotxa da hizkuntza handientzat, haien neurrira egina dagoelako, ez euskara bezalako hizkuntza txikientzat”
Eta Bertsozale Elkarteari?
Nik uste Bertsozale Elkartearen hiru ardatzetan egin dezakeela bere ekarpena: bertsolaritzaren sustapenean eta zabalkundean, ikerkuntzan eta transmisioan. Antxoka Agirrek bertsolaritzaren azken 200 urteko eragiletzaren inguruko tesia egin du eta dio bertsolaritza oso bizkor ibili izan dela beti garaian garaiko euskarri teknologikoetara egokitzen: XIX. mende hasieran sartu zen bertsoa prentsan; XX. mende hasieran irratian; 60. hamarkadan telebistan; 80. hamarkadan Euskal Telebista sortu berrian; 90.ean Interneten… eta orain adimen artifiziala iritsi da. Bertsozale Elkartea gai honek ez du erabat berri harrapatzen. Telebista eta Internet gogoeta asko eragin izan dituzten gaiak izan dira Elkarte barruan eta eskarmentu hori oso lagungarria izango da AAren gaia lantzeko ere.
Hala ere, zuretzat AA behartutako aukera bat al da?
Bai, hala ikusten dute aditu askok eta hortik enfokatu beharko genuke gaia. AA pagotxa da hizkuntza handientzat, haien neurrira egina dagoelako, ez euskara bezalako hizkuntza txikientzat. Baina Europako hizkuntza gutxituen aldeko teorikoek eta erakundeek AAren aukera baliatzeko gomendioa egiten dute, tren hori ez galtzekoa. Nik elkarrizketatu ditudan hemengo adituek ere garbi ikusten dute hori. AAri adarretatik heltzea proposatzen dute eta gure neurriko AA garatzea, albo-kalteak ere izan ditzakeela onartuta.
Adimen Artifiziala gorputzik gabea da. Bertsoak, ordea, asko du gorputzetik, girotik, momentutik… ez da artifiziala. Hori erreproduzitu ahalko du AAk?
Ez eta bai. Bertsoa zuzenean eta lekuan bertan bizitzea ezin da ordezkatu, zorionez. Ez AA bidez, ez Internet bidez eta ez telebista bidez. Bitartekoek gorputz, giro eta momentu horren hurbilpen bat eskaintzen dute, bere muga guztiekin. Baina, aldi berean, hurbilpen hori da bertsolaritza gizarteratzeko modurik zabalena, milaka eta milaka lagunengana iristeko bidea. Uste dut Elkarteak hori balioan jarri izan duela beti eta jartzen duela.
Jexux Mari Irazu, bertso.eus-eko proiektu arduraduna: “Bertsoa zuzenean eta lekuan bertan bizitzea ezin da ordezkatu, zorionez”
Dena den, badirudi datuak hotzak izateaz gain neutroak direla… baina ez da horrela, ezta?
Bistan da datu neutrorik ez dela existitzen. AA ere segun eta ze informaziorekin elikatzen den eta zein irizpiderekin, halako informazioa gero bueltan. Alderdi ona du datuak eta irizpideak AA elikatzen duenaren esku daudela. Beraz, etorkizunean bertsolaritzari buruzko informazio gune bat-edo garatuko balitz, Bertsozale Elkarteak bere irizpideen araberako bertsolaritza gizarteratu lezake AAren bidez.
Aukerak aipatu ditugu, baina arriskuak ere izango ditu. Zeintzuk?
Oraingoz ikusten diren arrisku handienak egiletza kontuen eta datuen bermeen ingurukoak dira. Ez dirudi AAk bertsolaria ordezkatuko duenik plazan. Ezta bertsolariaren bat-bateko bertso mailara helduko denik ere. Hala diote adituek. Beste era bateko arrisku bat izan daiteke AAri haize gehiegi ematea, eta kontzienteki pertsonok egin beharreko zereginak eta ardurak AAren esku uzteko tentazioa izatea. Bertsozale Elkartea ez dut arrisku horretan ikusten.
Etengabe garatzen eta testuinguru berrietara garamatzan teknologiaz ari gara. Baina bertsolaritzak jakin du egoera berriei erantzuten, batere berria ez den “-gintza” batekin. Liluratzen gaitu teknologiak, baina orain arte egindako bideak ere paparra puztu beharko liguke ez?
Bai, nik uste dut baietz. Teknologia kontzeptua oso jardun konkretuekin lotzen da. Ez zaigu okurritzen Bertsozale Elkartearen 40 urteko bide arrakastatsua iraultza teknologiko klabeetan aztertzea, eta beharko litzateke. Bertsozale Elkarteak egin duena, beste gizarte eragileekin batera eta lankidetza sare zabalari esker, fondo-fondoan iraultza teknologiko bat da, (giza) sare neuronalen eta datu-baseen punta-puntako konfigurazio bat, 40 urtean kultur jarduera bat beste estadio batera eraman duena. Euskal Herrian sortutako punta-puntako kultur eta gizarte teknologia. Beharbada, ondare inmaterialtzat ikusten gaituztenek barre egingo dute honekin. Baina, Bertsozale Elkarteak lau hamarkada daramatza adimen artifizialaren barne operazioak egiten. Ez Silicon Valleyn. Hemen. Horri guztiari guk gintza deitzen diogu: bertsogintza, kulturgintza…
Adimen artifizialean aditu direnek eta Bertsozale Elkartea ezagutzen dutenek adierazi didate Elkartea oso ondo posizionatuta dagoela AAri heltzeko, 40 urtean egin duen era askotako lan fin eta izugarriari esker. Kasualitatea? Ez, noski. Bertsozale Elkarteak beti egin izan duena eta egiten duena puntako teknologiari lotutako kontzeptuekin ere adierazi beharko genuke.
Bertsolaritza ez dago gizartetik aparte. Gai honetan, gure bidea egin beharko genukeela uste al duzu ala herri estrategia bat garatu behar dugula?
“Biak batera” erantzun nahiko nuke. Baina badirudi oraingoz behintzat nahiko gure bidea egiten hasi beharko dugula, bidea egin nahi dutenekin elkarlanean, noski. Nik hamar aditutik gora elkarrizketatu ditut eta AAren gaian herri estrategia herren ikusten dute, fin esanda. Besterik da Bertsozale Elkarteak herri estrategia baten baitan garatzen duela bertsolaritza eta adimen artifizialaren gaian ere iruditzen zait ikuspegi horren gainean emango dituela pausoak.