Jende ugari hurbildu zen Bertso Eguna ospatzera
Hiru ate oholtza gainean. Antza, hiruak ere kolore eta tamaina berekoak baina hautu ezberdinak ezkutatzen zituztenak. Erabakiak zituen helduleku Bertso Eguneko arratsaldeko saio nagusiak: bertsolariak saio batean aritzeko jasotzen duen deitik saiora iritsi bitartean egiten dituen aukera horiek guztiak.
Aitziber Garmendiak gidatu zuen saioa. Lehendabizi, Andoni Egaña, Etxahun Lekue, Unai Iturriaga eta Oihana Iguaran aritu ziren kantuan, eta gerora, Jon Maia, Xabier Terreros, Julio Soto, Oihana Bartra, Fredi Paia eta Agin Laburu. Tartean, 2zio taldeak bi abesti eskaini zituen, eta emanaldian zehar parte hartu zuten Oñatiko antzerki taldekoek, Andoaingo jubilatu taldeak eta Donostiako Marga Altolagirre Arte Eszenikoen Tailerreko ikasleek. 1.500 ikus-entzule bildu ziren guztira aretoan. Txanogorritxoren istorioa berridatzita amaitu zuten saioa Julio Sotok eta Fredi Paiak eta agurren ondotik, kubo handitik txikirako bidea hartu zuten afaltzen geratu ziren bertsozaleek.
Ni Neu jatetxeak eskainitako menuaren ostean, afalosteko saioa zabaldu zuten Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariek. Haiei batu zitzaizkien gero Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Alaia Martin eta Eli Pagola; Alaitz Rekondoren gaien gidaritzapean aritu ziren seiak. Maddalen Arzallusek eta Eneritz Artetxek eman zien segida bertso jarriekin eta Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre bertsolariek biribildu zuten saioa, trikitiaren doinuaz festa kupel artera eramanaz.
Goizeko saioa, aterpearen goxotasunean
Aurtengo berrikuntzetako bat goizeko saioan zetzan. Orain artekoan kalean egin izan da, baina aurtengoan giro goxoago baten bila joan gara aterpera. Kursaal parean dagoen Picachilla garagardotegian egin zen, bertso-saio musikatu formatuan. Idurre Eskisabelek eta Eñaut Asurabarrenak zabaldu zuten saioa eta haiek arduratu ziren emanaldian zehar, gitarraz musikatutako testuen bidez, klima aldaketak egiteaz. Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza aritu ziren kantuan, Estitxu Eizagirrek emandako gaiekin. Gustora entzun zuten saioa hurbildutakoek, eta jendez gainezka egon zen Picachilla.
Gutxiago falta da 2017ko Bertso Egunerako.