Jaso al duzu urriko BertsoZalea?

2019/10/22
Ikasturte hasierari hertsiki lotua dagoen berripapera da hilabete honetakoa: bertsolaritzak bizkar-zorroa betea du eskolarako, baina baita ikastetxeetatik kanpoko ekintzetarako ere.

28.000 ikasle baino gehiagok jasoko dute aurten bertsolaritzaren berri beren ikasgeletan, Bertsozale Elkarteko 50 irakasleren bitartez eta elkarteak berak prestatutako baliabideei esker; besteak beste, iaz aurkeztu zen bertsoikasgela.eus webgunea. Gainera, urteurrenean atari berria aurkeztu dugu: kasu honetan, bertso-eskolentzako webgunea da prestatutakoa, eta hark hartu du urriko berripaperaren azala: bertsoeskola.eus.

Gaitegia, doinutegia, errimategia eta beste hainbat atal ditu webguneak, eta horien berri dakar 207. BertsoZaleak. Hala ere, onena bertara sartzea eta arakatzea!

Eta bertso-eskolaz ari garela, ezin ahaztu Bizkaiko Bertsozale Elkartetik antolatu dugun Sakontze Bertso Eskola; Gizonezkoen Bertso Eskola Feministaren eta Ahalduntze Bertso Eskolarekin batera, hasi dugun ikasturteko eskaintza osatuko du, Bertsozale Elkartetik sustatuko bertso-eskola berezituei dagokionez: ahotsaren mugak, librean egiteko zailtasunak, umorea...horiek izango dira, besteak beste, landuko diren gaiak, Onintza Enbeita gidari dela.

Gazteentzako saio sortak dira Ahostegunak egitasmokoak ere; bertsolaritzaz harago, antzerkia, kantua eta literatura izango dituzte mami saio hauetan. Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak antolatuta, hainbat gazte elkartuko dira ostegunero.

Eta adin guztietako zaleentzako aproposa den Bertsoaroaren eskaintza zehatz-mehatz ezagutaraziko dugu laster; egunen aurrerapena, BertsoZalean.

Horiek guztiak eta Potofinixa, Jon Barberenari bertsoa Julio Sotok, Maite Berriozabalen puntua Alaitz Rekondori... 207. zenbakian, BertsoZalean.