Jarraitu plazako bertso aleak eta albisteak, Bertsoa.eus atarian

2020/09/14
Berriozarko, Larraulgo eta Lizartzako saioetako bertsoaldiak eskainiko ditugu sareko plaza digitalean; eta, noski, adi jarraituko ditugu albiste formako ahapaldiak.

Bertsoa.eus atariko kamerek bertso plazak ematen duena harrapatzen jarraitzen dute. Aste honetan ere izango da zer entzuna, eta Berriozarko, Larraulgo eta Lizartzako saioak eskainiko ditugu.

Amets Arzallus, Julio Soto, Miren Amuriza eta Sarai Robles bertsolariak aritu ziren kantuan Berriozarko saioan, irailaren 4an, Maialen Belarrak jarritako gaiei erantzuten. Jarraian etorri zen asteburuan bertan, Lizartzan izan zen saioa: Amets Arzallus eta Julio Soto aritu ziren kantuan saio horretan ere, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsokide zituztela. Amaia Agirre aritu zen gai-jartzaile lanetan. Orduko uzta ere eskura izango dugu datozen egunetan.

Uda bete-betean, San Esteban Eguna bertso saioarekin ospatu zuten Larraulen, eta hitzordu hura berreskuratuko dugu sareko plazan: Jexux Mari Irazu aritu zen gaiak jartzen, eta kantuan aritu ziren Haritz Mujika, Iker Zubeldia, Maialen Lujanbio eta Onintza Enbeita.

Eta, noski: bertso formakoak ez ezik, albiste itxurako ahapaldiak jasoko ditu Bertsoa.eus atariak, aste honetan ere.

Bertsoaldi ugari dituzu Bertsoa.eus atarian!