Izaera anitzeko bat-batekoek hartu dute Bilbo
Azkuna Zentroko auditoriuma hartu du gaur Europa bat-batean egitasmoak. Oholtza, kultur anitza: Euskal Herriko bertsolariak, Igor Elortza eta Ane Labaka; Sardiniako cantadoriak, Simone Monni eta Paola Dentoni, ahots laguntzaileekin batera, Stefano Cara eta Michele Deiana; Kurdistan ordezkatuz Zinar Ala dengbêja; eta Herrialde Katalanetako corrandistak, Christian Simelio eta Anais Falco, Gerard Diez musikariarekin batera. Saioa Maite Berriozabalek gidatu du eta elkartrukeen ulermenerako zein ikusentzuleek saioa jarraitzeko, itzulpen lanak egin dituzte Sardiniako Renato Capocchiak eta Euskal Herriko Maddalen Arzallusek eta Irati Majuelok.
Agurraren ondotik, bakoitzak bere jardunaren erakustaldia egin du. Aurrez ezagutzen genuen bertsolaritzaren jardunari, sardiniarren musikaltasun berezia, dengbêjaren exotismoa eta corrandisten alaitasuna gehitu zaizkie gaur, aparteko emanaldia osatuz. Gerora, osagai horiek nahasteko aukera ere izan da, bertsolariak cantadoriekin eta corrandistekin ere aritu baitira, Maite Berriozabalek emandako gaiekin.
Bihar, Hernanin
Biteri kultur etxean izango da hitzordua, 19:00etan. Parte hartzaileen artean ia gaurko ordezkari guztiek errepikatuko dute; bertsotan, Arrate Illarok eta Maialen Lujanbiok hartuko dute erreleboa. Hernaniko Udalak antolatu du saioa, egitasmo osoa daramaten Mintzola Ahozko Lantegiarekin eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin batera.