Itxaro Bordarekin solasean, Hitzetik Hortzeran
Baionako Atalante zinema-aretoan elkartuko gara Itxaro Bordarekin asteburu honetako Hitzetik Hortzeran. Txiki-txikitatik hasi zen idazten baionarra; bere ibilbidean hainbat poema liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu. Prentsako kolaboratzailea eta Maiatz aldizkariaren sortzaileetako bat ere bada, beste hamaika proiekturen artean.
Baina, gainera, bertsolaritzak nabarmen eragin du idazlearen bizitzan. Esate baterako, "Itxaro" izena bere lehenengo bertso sorta argitaratzeko aukeratutako izengoitia da, familiari gehiegizko azalpenik ez emateko asmatu zuena. Itxaro Borda bertsotan entzuten den grabazio bat ere eskuratu dugu Ernest Alkhaten bidez, 1978ko Aiherrako Aberri egunekoa.
Ermuako, Larrabetzuko eta Mungiako bertsoak
Gai umoretsu zein serioak landuko dituzten bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu Ermuako, Larrabetzuko eta Mungiako jaialdiei esker: bertsolariak barrez lehertzen ikusteko eta entzuteko prest?
Bestalde, Jose Antonio Ostolaza "Rubio" Markina-Xemeingo bertsozalea ezagutuko dugu. 1988. urtean, Sebastian Lizasok eta Xabier Amurizak Euskal Telebistan osatu zuten saio bat aurkeztuko digu bertsoaldi kutunari dagokionez.
Gogoratu: Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta errepikapena, igandean, 15:00etan. Gainera, edonoiz, EITB Nahieran atarian.