Irun, Amurrio eta Oñatiko bertso saioak Hitzetik Hortzeran

2015/01/15
Irunen, Kabigorri tabernan egin zuten saio esperimentala abiapuntu hartuz gai-jartzeko modutik hasi, eta batez ere, bertsolari berak esateko gauza berriak, era berriak, aurkitzeko egiten dituen saiakerak agertuko dira aste honetako Hitzetik Hortzerak programan. Igande bazkalostean ETB1en.

Irunen, Kabigorri tabernan egin zuten saio esperimentala izan zen pasa den astean. Bertan Jon Martin, Nerea Ibarzabal, Urko Casado eta Julen Zelaieta aritu ziren bertsotan Karlos Aizpuruak proposatutako bidetik. Publikoarekin harremanetan, entzulea protagonista bilatuz bertsolarien sormena eragin zuen.

Horretaz gain, beste bi bertso saioetakoak ere ekarriko dira.

Amurrion sei bertsolari binaka jarri eta ofizio bat osatu zuten batak bertsoa ematen zuen bitartean bere bikoteak errimak asmatzen zituelarik. Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina ziren kantuan.

Eta Oñatin Sebastian Lizasok, lehenik Andoni Egañak jarritako bidetik joan behar izan zuen galde erantzunetako ariketan eta gero Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Aitor Mendiluze, Andoni Goitia eta Andoni Egaña beraren proposamenei erantzun. Bertsoaldi berezi eta umoretsuak biak ere.

Artxiboko atalean Jon Martinen dezima bat gogoratzeaz gain 2010eko Bertso Egunean Jon Maiak utzitako bertso antologikoak entzungo dira.

HITZETIK HORTZERA, igande bazkalostetan ETB1n. Eta eitb nahieranen.

Irungo Kabigorri tabernan Jon Martin, Nerea Ibarzabal, Urko Casado eta Julen Zelaieta aritu ziren bertsotan Karlos Aizpuruak proposatutako bidetik