Irudia ez da laua
Bertsolaritza errealitate koloretsua, askotarikoa, eta mutatzailea da. Bizi dena eraldatu egiten da, eta bertsolaritzaren lurra ere mudatzen ari da, emeki. Errealitatea bera baino gehiago, hala ere, errealitate horri begiratzeko modua da aldatu dena. Aldatu gaituena.
Nola, irudi geometriko txiki eta koloretsuek osatutako lamina abstraktu haiek? Begirada ondo enfokatuz gero, bi dimentsioko argazki azalaren baitan hiru dimentsioko forma bat errebelatzen zen. Argazki zapal itxurakoak, barruan, ezkutuan, orografia bat zuela ohartzen zinen: bolumen nabarmenduak eta gune hondoratuak. Eta begiratu hutsean ez zen ikusten. Begiratzen ikasi egin behar zen, ikusteko. 3D begirada hori da feminismoak irakatsi diguna: bertsolaritzaren (gizartearen, munduaren…) erretratu ustez lau eta neutroari begiratu eta bere baitako erliebeak eta errelebantziak, maldak eta zuloak ikustekoa.
Irudia ez da laua.
Bertsolaritzan parte diren emakumeen* bizipenek, bizipenen irakurketak, talde lanketak, feminismoren ekarri teorikoak, plazako esperimentazioak… lurzoruaren desorekak agerian utzi ditu.
Bertsolaritzari -bere zabalean-, eta Bertsozale Elkarteari espresuki -gure egitura antolatua den aldetik-, errealitatearen hiru dimentsioko irakurketa egitea dagokio, bai etxe barruko funtzionamenduari begira eta baita kanporako bere proiektuetarako ere. Begirada feminista bere jardun guztietan txertatzea dagokio: egoera neutro itxurakoetan botere harremanak errebela daitezen; rol predeterminatuak, aukera desberdintasuna, edo errekonozimenduaren aldera kargak ezagutzeko. Eta haiek deseraikitzeko lanketan aitzindari izatea ere badagokio. Bertsolaritza parekidea izan dadin bere erantzukizuna hartu du EHBEk. Prozesu luze eta etenik gabeko honek, formazioa eskatuko du, eta lanketa. Hasteko, Bertsolaritzaren Berdintasun Plana eta Erasoen Aurkako Protokoloa abiatu dira.
"Kontua ez da lurra berdintzea, bideak denontzat jartzea baizik"
Bertso mugimenduaren espazioak eta soziologia askotarikoak dira, eta hala izango dira gerora ere. Izatez, emakumeen* sarrerari esker ari da hein handi batean bertsozaletasuna zabaltzen jendarte eta eremu bestelakoetara. Kontua ez da lurra berdintzea, bideak denontzat jartzea baizik.
Dena dugu irabazteko: ahotsak, ideiak, kantakerak, mundu ikuskerak, gorputzak, espazioak, bizipenak… Dena dugu denontzat irabazteko. Eta irabazian ateratzeaz gainera, justizia kontua da.
Orain, oinarri behar lukeena dugu helburu; gero, handik, aurrera egiteko.