Iritzi sortzaileak igandeko Hitzetik Hortzeran

2018/11/15
Bertsolarien hitzak sekulako indarra izaten du, bai plazan eta baita handik kanpo ere. Igandeko programan Onintza Enbeitarekin elkartuko gara: plazan ez ezik, irratian, telebistan eta prentsan aritzen den iritzi-emailearekin. Bertsoak ez dira faltako eta Gernika-Lumoko, Beasaingo eta Errenteriako bertsoaldiak entzungo ditugu.

Hitzak bidea zabal dezake; edo itxi. Parekoa haserretu; edo baretu. Bertsolariek ingurune ezberdinetan jartzen dute praktikan hitzak duen eragiteko ahalmena. Oholtza gainetik eman ohi dute iritzia gehienetan, izan librean edo gaia emanda. Dena den, askok iritzia emateko beste eremu batzuk ere probatu dituzte: irratian edo prentsan, esate baterako.

Plazan ez ezik, Gaztean eta Euskadi Irratian, Gure Kasa telebista-programan, Berria egunkarian... iritzi-emaile multimedia da Onintza Enbeita. Hitzak eta iritziak zorroztuta ditu igande honetako programako protagonistak. Euskarri bakoitzak interesgarri zer duen galdetuko diogu eta baita nola daraman iritzi sortzaile izatearen kontzientzia ere. Berria egunkarian egunero idazten du Enbeitak; nola egiten du eguna joan eta eguna etorri zer idatzia izateko?

Bertso saioetan gai baten inguruan iritzia emateko eskatzen zaio bertsolariari. Oholtzara igo aurretik hausnarketa propioak egitea komeni den ala ez galdetuko diogu, eta benetan sentitzen dena kantatzeko askatasuna edukitzen den.

Bertso jaialdiak Beasainen, Errenterian eta Gernika Lumon

2018-11-18, HH_08Igandeko programan hiru herritara joango gara hango bertsoaldiak entzutera. Beasainera, urteroko bertso saiora: Usurbe antzokian jesarri eta Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, German Urteaga, Jone Uria, Maddi Aiestaran eta Maialen Lujanbio entzungo ditugu; gai-jartzaile lanak, Mikel Urteagaren esku. Errenteriako Niessen aretoan elkartuko gara, berriz, Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jon Maia eta Sustrai Colina bertsolariekin; Amaia Agirrek jarriko ditu gaiak. Eta Gernika-Lumora ere joango gara: urriko azken astelehen bezperako bertso saioko aleak izango ditugu. Kantuan, Aitor Sarriegi, Andoni Egaña, Etxahun Lekue, Jone Uria, Oihana Iguaran eta Unai Iturriaga, eta gai-jartzaile lanetan, Onintza Enbeita. Hiru saio horietako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu igandeko Hitzetik Hortzeran.

Hori dena igandean 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieran atarian.

Eider Perez eta Onintza Enbeita, EITBko Donostiako egoitzan.