Irañeta: Denboraren orratzak plegatzen
Denboraren orratzak plegatzen ibili dira Irañetako Bertso Udalekuan: denboraren makinan sartuta, historiako giro eta leku ezberdinetara bidaia egin dute egun bakoitzean. Izan dira Egipton, Erroman, II. Mundu Gerran, Hippie mugimenduan, baserrian… Eta denetik egin dute: “Among us” rol jolasa, misterio kluedoa herrian barrena, pintxo lehiaketa, Uharte Arakilgo igerilekuan parrillada, bordan lo, sexualitate tailerra, bertso-eskola tailerra karta jolasekin, “zertan naiz txarra?” gaubela, txanda osoan zehar lagun ezkutua (pistatxitoa) zaintzea…
Julio Soto eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak bisitan izan zituzten. Eurekin jolasean eta elkarrizketan aritzeko aukera izan zuten; aterpetxe kanpoan mahaiak jarrita afari ederra egin ostean, saio bikaina eskaini zuten, bertsolari gonbidatuek eta udalekuko lagunek. Iraganetik ere etorri dira bertsolariak, denboraren makinan: Xalbador, Lazkao Txiki eta Luzia Goñi ezagun dituzte orain, 12 urteko 34 lagun hauek.
Zazpi eguneko egonaldian umorea eta bihotza jarri duten hezitzaile taldean Maddi Sarasua, Eztizen Alvarez, Julene Iturbe, Paul Beitia, Izaro Bilbao, Beñat Zeberio, Haizea Arana eta Joane Aldalur elkartu dira.
Hemen duzue Irañetako Bertso Udalekuen bideo laburpena:
Zuhatza eta Larraul
Zuhatzako egonaldia bukatu berri dute 9-11 urte arteko gaztetxoek eta Larraulen dira 2023ko Bertso Udalekuetako azken gazteak.
Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.