Irailaren 16an hasiko da Hitzetik Hortzera

2023/09/07
34. denboraldia izango da aurtengoa eta Mirari Martiarena izango da aurkezle berria. Larunbatero 21:00etan bertsolaritzarekin zita ETB1en.

Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria 26 programak osatuko dute irailaren 16an hasi eta martxoaren 30a bukatuko da. Asteroko hitzorduei udazkenean ospatuko diren Bizkaiko eta Nafarroako Bertsolari Txapelketei loturik egingo diren saio bereziak gehituko zaizkie. Aurten ere programaren oinarria bertsoa izango da eta Euskal Herri luze zabalean jaialdiz-jaialdi ibiliko da Hitzetik Hortzera.  Helburua garbia da, beste urte batez telebistan erreferentziazko bertso plaza izaten jarraitzea.

Berritasun ugari dakartzan denboraldia

Hitzetik Hortzera bertsolaritza programak ibilbide berri bati ekingo dio 2023ko irailean. Bost urteko zikloari amaiera eman zion 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak markaturiko iazko denboraldiak eta azal berriturik itzuliko da programa telebistara.  Aurkezle aldaketa, iruditeria eta programa osatuko duten eduki ezberdinak izango dira berritasun nabarmenenak.

Mirari Martiarena izango da programako aurkezle berria. Oiartzuarra iaztik Hitzetik Hortzerako gidoilari lanetan ari da, baina aurten erronka berri bati ekingo dio. ETB1eko Hitzokei programan kolaboratzaile bezala aritu zen, tartean Txapelketa Nagusiaren jarraipena eginez eta bakarrizketak egin ditu Barre Libre  umore saioan. Bertsozaletasuna etxetik datorkio eta gaztetatik Oiartzungo bertso eskolako partaidea da.

Ziklo berri baten hasiera adierazteko, Hitzetik Hortzerak iruditeria berria izango du. Unai Gaztelumendi sortzaileak egin du programarako grafismo berria.

Aipatu bezala programaren muina bertso saioek osatuko dute, astero bi bertso plazatako saioekin gozatzeko aukera izango da. Astez-aste gonbidatu bat elkarrizketatuko du Mirarik, izan bertsolaria, bertsozalea edo euskal kultur sortzailea. Ohitura den bezala bertsolaritzaren ekosisteman gertatzen denaren berri ere emango dute. Atzera begiratzeko tartea ere izango da, bertsoaldi historikoekin gozatzeko aukera ere izango baita.

Denboraldiaren lehen zatian programarako propio sortuak izan diren bertso sorta musikatuak izango dira, zazpi guztira eta irailean hasi eta abendura bitarte ikusiko dira. Kantuan entzungo ditugu Jone Uria, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Agin Laburu, Joanes Illarregi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Aitor Etxebarriazarraga. Bertsoak musikatzeko ardura Beñat Antxustegi eta Eneko Sierrak izango dute.

Hitzetik Hortzera, irailaren 16an hasita larunbatero 21:00etan ETB1en.

 

 

Hitzetik Hortzerako lan taldea prest dago denboraldi berriari ekiteko.