Ipar Euskal Herriko bertsogintza

2021/10/20
"Afera Baxenabarrera edo Xiberoara hurbiltzen garelarik makurtzen da. Zuhaitz batek fruitua bereziki alde batean ematen duenean bezala… alderago joan eta fruitu guttiago". Ortzi Idoate Bertsularien Lagunak Elkarteko Sustapen eragileak sinatutako testua gure blogean.

Idazten hasi naizen honen izenburua ikustean denek argi dugu zer dudan aipagai. Alta, ongi dakit Ipar Euskal Herria ez dugula denek berdin definitzen edo irudikatzen. Idazki honen gaia ez denez, ez naiz hasiko izendapen horren izaera ikuspegi geografikotik edo politikotik egin behar den azaltzen. Hausnarketarako pista uzten dizuet. Haatik, ezinbestean Ipar deitzen zaion hori hiru zatitan soilik banatuko dut gehiengo zabalarentzat argi geldi dadin.

Itzul gaitezen bertsogintzara. Bertsozale orok gogoan ditu Xalbador eta Mattin, edo Etxahun Irurik utzi dizkigun kantuak. Txapelketa Nagusiko final batzuk egin dituzten Sustraik eta Ametsek ere ez dute aurkezpen beharrik. Gainera, azken urteetan Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarren bertsolaritza, edo honen etorkizuna, osasuntsu dela erraten dugu etengabe. Eta prisma zabaletik begiratuz gero, ezin ukatua da hala denik. XILABAn sekulan baino parte-hartzaile gehiago, eskolarteko txapelketan ere berdin edo berdintsu, maila ederreko bertsolari eta bertsolari-gaiak… bertso-eskoletan edo bertsolaritzaren sustapenean dihardugunok aldiz luparekin so egin behar dugu eta horretan Lapurdiko bertsolaritza agertzen da osasuntsu.

"Baxenabarren eta Xiberoan bertsolari bat edo bi galtzen delarik zilo ttipi bat gelditzeko arriskua dago"

Dudarik ez. Txapelketan ordezkaritza zabala du, eskolek presentzia handia eta antolatzen diren saioen kopuruak gorantz egin du. Afera Baxenabarrera edo Xiberoara hurbiltzen garelarik makurtzen da. Zuhaitz batek fruitua bereziki alde batean ematen duenean bezala… alderago joan eta fruitu guttiago. Eremu euskaldunak izanagatik ez da herrialde horietatik bertsolari anitz atera azken garai hauetan. Xiberoan bereziki kostatzen zaigu eragitea. Bertso-eskoletan presente gaude baina plazara jauzi egiteko mementoan galtzen dugu bertsolaria. Ez da gauza berria, leku guzietan gertatzen den zerbait da, baina Baxenabarren eta Xiberoan bertsolari bat edo bi galtzen delarik zilo ttipi bat gelditzeko arriskua dago. Aldi berean, hiru probintzia hauetan ikasten duten gehienek noizbait kanpora joan behar direla kontuan hartu behar dugu. Horretan ere, oholtzara igo ziren batzuk ez dira sekulan itzultzen.

Baina ez ezazuela pentsa ezkorra naizenik. Aspaldi ez genuen horrelako perspektibarik izan eta, gainera, lanerako gaude hemen. Egoera honek arrazoi desberdinak ditu, eta karraskan lanean segitzeko konpromisoa mantenduko dugu nahiz eta denen laguntza beharko dugun atzo baino hobe eta bihar baino okerrago dagoen egoera honek aitzinerako pausoak eman ditzan. Prisma zabaletik zein lupaz begiratuz ari garenok bultza dezagun bakoitza bere esparrutik, bakoitza bere herrialdetik, bakoitza bere ikuspegitik bertsoaz herria egiten jarraitzeko. Leku guzietako bertsolariak behar ditugu… leku guzietan. Ah! Eta ez ahantz hausnarketarena. Fite arte!