Ingalaterratik bertsotan, Hitzetik Hortzeran

2020/10/08
Pantaila bidezko bertso-eskola da ikusiko duguna: Aissa Intxaustik Lekeitiotik botatako bertsoei Dylan Inglisek erantzungo die Ingalaterratik. Eta ezohiko bertso-eskola honetaz gain, plazakoa ere erakutsiko dizuegu, noski. Larunbatean, 21:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en.

Bertso-eskola guztiek dituzte berezitasunak, baina ezohikoenetako bat ezagutuko dugu Hitzetik Hortzeran. Aissa Intxausti bertsolaria Lekeitioko eta Markina-Xemeingo bertso-eskoletan aritzen da kantuan; Aissak, ordea, badu bertsokide berezi bat. Hilero pantailaz bestaldetik kantatzen dio Dylan Inglisek. Ingalaterrako 22 urteko gaztea da Inglis, bost hizkuntza menperatzen dituena, eta tartean da euskara. Orain, bertsoaren hizkera ezagutzen ari da, Aissaren laguntzarekin. 

Larunbateko programan Lekeitioko portuan elkartuko gara Intxaustirekin, eta bideo dei bidez Bristolera egingo dugu, han izango dugulako gure zain Dylan Inglis. Bertsolaritzak nola eta noiz txunditu zuen kontatuko digu, eta, ez hori bakarrik, bertsotan ere ikusiko dugu Inglis. 

Bertsoaldi kuttuna, Arrasatetik

Larraitz Trojaola bertsozale arrasatearra ezagutuko dugu. Trojaolak ez digu bertsoaldi jakin bat aurkeztuko bertsolaritzan esanguratsua izan zen une batera eramango gaitu; ea nora. 

Bestalde, azken asteetako bertso saioetatik hautaketa berezi bat ekarriko dugu: Amezketan, Donostian, Iruran eta Galdakaon entzundakoak ekarriko ditugu. 

Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.