Iñaki Murua, Hitzetik Hortzeran

2018/03/23
13 urtez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izan ondoren, lekukoa zortzikote baten eskuetan utzi berria du Iñaki Muruak. Bere etxera joan da Hitzetik Hortzerako lantaldea bere sentsazioen eta 2005etik hona egindako ibilbidearen berri jakiteko. Eta, bide batez, bere bertsolari ibilbideari ere errepaso bat emango diote, bere bertsoaldi onenak berreskuratuz. Plazako jardunak ere izango du lekurik aste honetako programan, Zegamako jaialdiko ale onenak eskaintzeaz gain Alegia eta Biriatuko bertsoaldi bana ere ekarriko baititu telebista saioak.

Garai bereziak are bereziagoak izaten dira norbere barruan bizi direnean, eta horren testigantza jaso asmoz Gabiriara joango dira Hitzetik Hortzerako kamerak aste honetan. Bertakoa baita 13 urtez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izan dena: Iñaki Murua. Bere hizkera berezi, irudimentsu eta umorez jantzian kontatuko dizkigu une honetako sentipenak, eta baita Bertsozale Elkartean orain arte egin dituen urteetan bizi izandakoak ere.

Baina hizketan soilik ez, hitz neurtuetan ere abila da gabiriarra. Plazan ibilbide oparoa osatu du, eta, besteak beste, 1986 eta 1989ko Bertsolari Txapelketa Nagusietako eta 1991 eta 1995eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketetako finaletan aritua da. Bere bertsoaldirik onenak ekarriko ditu telebista saioak aste honetan pantailara, eta bertsolari bezala izan dituen esperientziak ere kontatuko dizkigu.

Bederatzikotea Zegaman

Eta, noski, gaurkotasun handiagoko plazako jarduna ere ekarriko du programak. Joan zen igandean bederatzi bertsolari aritu ziren Zegaman kantuan, Amaia Agirre gai-jartzaile zutela. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu zen zortzikotearekin -Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre- batera aritu zen Iker Zubeldia. 400 lagun inguru aurrean zituztela saio ederra osatu zuten denen artean, eta alerik onenak eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak.

Biriatu eta Alegiko bertsoaldiak

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko zortzikotea aritu zen Zegaman, baina txapel kontuak izan zituzten Biriatun ere martxo hasieran. Azkeneko hiru txapeldunek -Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek eta Andoni Egañak- elkarri desafioka jardun zuten. Eta Andoni Egaña bera umoretsu aritu zen Alegian ere Jon Maia, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendirekin batera, gaztetxeari kantari.

Igande bazkalostean ETB1en

Hori guztia eta askoz gehiago izango da ikusgai igande bazkalostean, 15:00ak aldera, ETB1en. Eta hortik aurrera, nahieran, EITB Nahieran-en.