Iñaki Artolarekin 22ra, Hitzetik Hortzeran
Iñaki Artola pilotari alegiarra elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran. Hamar urte betetzen dira aurten profesionaletan debuta egin zuenetik eta ilusioz dabil oraindik kantxan; bere lanbidea pasio du eta bizipen asko izan ditu ibilbide osoan. Urteotako eboluzioari buruz arituko dira Iñaki Artola eta Mirari Martiarena. Hitzordu garrantzitsuetako presioaz eta pilotari bezala dituen helburuei buruz ere hitz egingo dute.
Ezaguna da Iñaki Artolaren bertsozaletasuna. Umetatik izan da bertsozale: bertso-eskolan izena eman zuen eta ordutik bertsoaren bueltan dabil. Jende aurrean bertsotan aritzeko urteroko zita ere izaten du Alegiako festetan. Horrez gain, Alegiako bertso-eskolako irakaslea ere bada; berak bertsotan jasotakoa transmititzen ahalegintzen da asteroko herriko gazteekin izaten duen hitzorduan.
Doluak dolu Maddalen Arzallusen bertso sorta
Maddalen Arzallusen bertso jarriek biribilduko dute programa. Doluak dolu izeneko sorta abestuko du Manex Pagola musikariak lagundurik.
Bertsoaldiak Bilbo eta Hondarribia aldetik
Astero bezala, bi bertso saiotako bertsoaldiak eskainiko dituzte Hitzetik Hortzeran. Alde batetik, Bilboko BIRA Kulturgunean BERRIAk antolaturik Hitz etzanen jirako bertso saioa egin zuten. Maddi Ane Txoperenak jarri zituen gaiak eta Andoni Egaña eta Maialen Akizu aritu ziren bertsotan.
Beste aldetik, Hondarribiko setioaren 500. urteurrenaren karietara bertso saioa egin zen eta bertako bertsoaldiak egongo dira ikusgai: Haira Aizpurua, Miren Artetxe, Xabat Illarregi eta Jon Maia bertsolariak aritu ziren kantuan Aimar Karrika gai-jartzaile zutela.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.