Ikus-entzunezkotik irrati uhinetara, Hitzetik Hortzeran

2020/01/23
Ataria Irratiko estudioetan murgilduko gara, eta bertsolaritzari buruzko irratsaioa gidatzen duen Imanol Artolarekin hitz egingo dugu. Tolosaldeko Atariak antolatutako bertso saioko momenturik onenak eskainiko dizkizuegu, baita Aramaion egin zen Bertso Egunekoak ere.

Igandeko Hitzetik Hortzeran tokiko irratiek bertsolaritzari egiten dioten ekarpenari buruz mintzatuko gara. Horretarako, Tolosaldeko Ataria komunikabideko Ataria Irratira joango gara, eta hango irratsaioa gidatzen duen Imanol Artolarekin hitz egingo dugu: bere esperientziaz eta tokiko irratien ekarpenaz.

Zehazki, (H)ari naizela irratsaioa Tolosaldeko Atariaren, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen topagunearen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren hitzarmenaren emaitza da. Beste zenbait tokiko irrati ere aritzen dira bertsolaritza zabaltzen, antzerako esperientziei esker: besteak beste, Bilbo Hiria, Euskal Irratiak, Hala Bedi, Xorroxin edota Arraio irratia.

Imanol Artola irratiko esataria izateaz gainera, gai-jartzailea ere bada eta Tolosaldeko bertso giroa nolakoa den jakingo dugu. Tolosaldeko Atariak urtero antolatzen du bertso saioa Tolosan; jendetsua izan ohi da, eta arrakasta horren zergatiari buruz ere galdetuko diogu.

Bertso Eguneko bertsoaldi onenak

Tolosan ospatzen den Ataria bertso saioko bertsoaldi hautaketa zabala ikusteko aukera izango dugu igandean. Egun berean ospatu zen Aramaion Bertso Eguna, eta Euskal Herriko hainbat txokotako bertsozaleak bildu ziren festaz gozatzera: eguerdian, bertsoekin egindako ibilbide gidatua herrian barrena, eta ondoren, bertso bazkariak. Igandeko programan alerik onenak entzungo ditugu.

Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian.

Ataria Irratiko estudioan, Imanol Artola eta Eider.