Ikus-entzuleak eta oholtza gainekoak kantuan gozatuz, Iruñean
Zentraleko eserlekuak ez dira nahikoak izan hurbildu diren ikus-entzule guztiak hartzeko. Eta jakinminez, kantu inprobisatua entzuteko gosez, etorri diren horiek guztiek eta oholtza gaineko parte-hartzaileek ikuskizun polita osatu dute. Bertsolari eta glosadoreen hitz joko bihurri eta alaiak, Paola Dentoniren ahotsak launeddas musika tresnekin uztartuta eragindako zirrara edota Zinar Alak publikoarengandik lortutako inplikazioa izan dira, besteak beste, nabarmentzekoak.
Bertsotan Miren Amuriza eta Julio Soto aritu dira gaurkoan, cantadori, dengbêj eta glosadoreekin batera. Itzulpen lanak Maddalen Arzallus, Irati Majuelo eta Renato Capocchiak egin dituzte. Haritz Casabalek gidatu du ikuskizuna.
Bihar, Markina-Xemein
19:00etan Markina-Xemeingo Kontzejupean izango du Europa bat-bateanek hitzordua. Bertsotan Nerea Ibarzabal eta Jon Martin izango dira, cantadoriekin eta dengbêjarekin batera.