Ikerketa proiektu bat eta GRAL sari bat ditugu banatzeko

2022/07/18
UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean deitu ditugu bi ikerketa deialdiak. Urriaren 18ra arte bidali ahal izango dira proiektuak edota ikerlanak: bertsolaritza izan behar dute ikergai.

Azken urteotan Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez urratutako elkarlanari jarraipena emango diote UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak. Hala, ikerketarako deialdia egin dugu elkarrekin aurten, eta bi sari dira banatzeko ditugunak: Ikerketa Proiektu Sari bat eta GRAL Sari bat. Gaur ireki da bietara aurkezteko deialdia, eta urriaren 18ra arteko epea izango dute interesdunek.

Ikerketa Proiektu Saria oraindik egin gabeko ikerketentzat da; hau da, epaimahaiak jasotzen direnen artean ikerketa proposamen aproposena aukeratu eta hori urtebeteko epean gauzatzeko 2.500 euroko dirulaguntza jasoko du ikertzaileak. GRAL Saria, bestalde, jada amaituta eta defentsa egina duten Gradu Amaierako Lanentzat da: 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan defentsa egina duten Gradu Amaierako Lanak onartuko dira. Lan aukeratuaren ikertzaileak 600 euroko saria eskuratuko du.

Proiektu nahiz Gradu Amaierako Lanen kasuan, bertsolaritza izan behar da ikergai nagusia, baina, hori bai, edozein jakintza alorretatik abiatuta: antropologia, robotika, hizkuntzalaritza...

Informazio gehiago topatuko duzu ondorengo lotura hauetan:

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak ikerketa deialdi gehiago ere egiten ditu, Bertsozale Elkartearekin egin dituen hauetaz harago. Horien inguruko informazioa ere topa dezakezu katedraren webgunean.

Urriaren 18ra arte aurkez daitezke proiektuak eta lanak. / XDZ