Ikasturteko azken BertsoZalea, kalean

2015/06/04
Ahoa Bete Hots, Eskolarteko finala, Gipuzkoa Bertsotan eta beste hainbat kontu ekaineko berripaperean.

BertsoZalearen 165. alea labetik atera berria da. Udako etenaldiaren aurretik aterako den azkena eta honenbestez ikasturte amaiera eta hasierari begira dauden hainbat albiste biltzen dituena.

Udaren hasieran gauzatuko da Euskal Herriko Eskolarteko finala. Herrialde bakoitzeko bina ordezkari arituko dira lehian, baina ez hori bakarrik. Txapelketatik at sekulako festa antolatu baita ekainaren 27an Orion: bazkariak, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina bertsolariek eta Keshala eta Bi Bala taldeek biribilduko dute eguna. Egitarauaren eta txartelen gaineko informazio zehatza bildu du ekaineko berripaperak.

BertsoZalea. 165 ekaina 2015

Ikasturtea zenbaitentzat, ordea, ez da ekainean amaitzen. Ikasiz, eta gozatuz, hausnarketarako aukera eskaintzen baitu Mintzolak uztailaren hasieran. Aurrez iragarritako Bertsoa Unibertsitatean zikloari, Ahoa Bete Hots jardunaldiak gehitu behar zaizkie: uztailaren 1etik 3ra izango dira, eta ahozkotasunetik abiatuta, emozioak eta umorea izango dituzte ardatz. Egitaraua eta izena emateko informazioa topatuko dituzue ale honetan. Gainera, bertsolaritza ikertzeko ikerketa kontratu bat eta hiru proiektu sari esleituko ditu Mintzola Fundazioak, Mikel Laboa Katedrarekin eta EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzekin batera. Ikerlariek BertsoZalean topatuko dituzte xehetasunak.

Gipuzkoa Bertsotan ere amaitzear da. Aste honetako saioekin ezagutuko ditugu sailkatuen izenak eta horiekin eta aurrez sailkatutako beste 13 bertsolariekin ekingo zaio irailean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari.

Irailean itzuliko da BertsoZalea ere. Berripaperak atseden hartuko duen arren , albiste jarioa ez da geratuko eta bertsolaritzaren mundua hurbiletik jarraitzeko aukera emango du udan zehar ere Bertsozale Elkartearen atariak eta Bertsoa sareko plazak.

Ahoa Bete Hots jardunaldiak antolatzen diren seigarren aldia da