Ikasturte berrian bertsotan egin nahi?

2021/09/14
Zenbait bertso-eskolak ireki dute jada izen-ematea, eta beste hainbatetan laster izango da aukera. Informa zaitez gertuen duzun bertso-eskolan ala zure lurraldeko Bertsozale Elkartean.

Irailak asmo berriak ekarri ohi ditu. Aurtengo ikasturtea hitzarekin jolasean pasa nahi izanez gero, aparteko aukera eskaintzen du bertso-eskolak: bertsotan trebatzeko aukera ez ezik, zaletasun bera dutenekin tarte on bat pasatzeko abagune dira.

Askotariko bertso-eskolak daude. Haurren zein helduen taldeak dituzte, eta, ezaugarrien arabera, antolaketa modua ere ezberdina da: horietako batzuk beren kabuz funtzionatzen dute, beste batzuk tokian tokiko udal edo euskara elkarteek bultzatutakoak dira, eta beste zenbait lurraldeetako Bertsozale Elkarteak antolatutakoak dira. Horregatik, oro har, guztien izen-ematea udazkenean abiatuko den arren, bakoitzak bere epeak ditu. Beraz, informa zaitez gertuen duzun bertso-eskolan ala lurraldeko Bertsozale Elkartearekin harremanetan jarrita.

Gure webgunearen bitartez

Bertsozale Elkartetik bideratzen dira bertso-eskola batzuetarako izen-emateak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, adibidez, jada martxan du Nafarroakoei dagokiena: lurraldeko bertso-eskolaren batean izena emateko, honako orria bete behar da irailaren 24a baino lehen.

Arabako Bertsozale Elkarteak eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteak laster irekiko dituzte lurraldeotakoen izen-emateak.

Bizkaian eta Gipuzkoan, oro har, bertso-eskola bakoitzak edo herri edo eskualde mailako eragileek kudeatzen dute izen-ematea. Beraz, gertuen duzun bertso-eskola ezagutuz gero, hara jo, edota galdetu dagokizun lurraldeko Bertsozale Elkartean zein bertso-eskola dituzun eskura.

Bertso-eskolen lana errazteko, bertsoeskola.eus webgunea jarri zuen martxan Bertsozale Elkarteak duela bi ikasturte: bertsotan trebatzeko baliabide ugari topa daitezke bertan, baita hasiberrientzat ere.

Haurren zein helduen taldeak daude / XDZ - Jakub Szafranski