Igandean bukatuko da Hitzetik Hortzeraren denboraldia

2018/03/28
2017ko irailaren 24tik 2018ko apirilaren 1era bitarte, 27 atal izan ditu aurtengo denboraldiak. Udazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiko 14 saioen jarraipena egin ondoren, plazako ohiko jarduna ekarri du Hitzetik Hortzerak telebista pantailara. Abendu erditik hasita, beste 23 saiotako bertsoaldiak eskaini dira, 13 gonbidaturen laguntzaz. Orain datorren denboraldira begira jarriko da telebista saioa garatzen duen lantaldea.

Ikasturte ederra izan du aurten Hitzetik Hortzerak. Udazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren jarraipena egin ondoren, plazako astez asteko bertso-jardunari heldu zion abendu erdian. Igandean bukatuko da aurtengo denboraldia, Nafarroako Bardoei eta Arabako Bertso Koadrilla Artekoari eskainitako programa bereziarekin.

Bertsolari Txapelketa Nagusia udazkenean

Denboraldi berezia izan da hau, lau urtean behin bertsogintza astintzen duen ekimenarekin batera jarri baitzen Hitzetik Hortzera abian: Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin. Irailaren 24an Baigorriko saioarekin hasi eta, astez aste, txapelketako 14 saioen berri eman da eta, tartean, baita abenduaren 17an Barakaldoko BEC aretoan jokatutako final handiaren laburpena ere.

Plazako astez asteko jarduna

Baina, noski, plazako astez asteko jarduna da bertsogintza hauspotzen duena, eta horren jarraipena egin da abendu erditik aurrera, programaren ohiko formatura itzulita. Behin txapelketa bukatu ondoren formatu ezberdinetako 23 bertso-saiotako bertsoaldiak eskaini dira programan. Eta astez aste gonbidatu bat izan dugu bide-lagun, bertsolaritzaren eta bestelako jardueren artean dauden zubiak erakutsi asmoz. Kirolariak, idazleak, zinegileak, kultur eragileak, bertsolariak... Diziplina anitzetako 13 gonbidatu izan dira denboraldi honetan.

Taldekako ekimenei eskainitako programa berezia

Denboraldia bukatzeko programa berezi bat osatu da. Bi urtez behin, taldekako ekimenak antolatzen dira Araban eta Nafarroan, bertsolaritzaren mugimendua zabaldu asmoz. Azkeneko programan Nafarroako Bardoak eta Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa izango dira aztergai. Bi ekimenetako finaletako bertsoaldi onenak eskaintzeaz gain, txapeldunei egindako elkarrizketak ere izango dira ikusgai.

 Udan atsedena

Udan atseden hartuko du Hitzetik Hortzerak, baina bertsogintzak bere martxari eutsiko dio. Bertsolariak plazaz plaza ariko dira eta herriz herri izango da bertsogintzaren nondik norakoak ezagutzeko aukera. Arnasberrituta, udazkenean itzuliko da Hitzetik Hortzera ETB1eko plazara.