Igandean Bertsolaritzaren Sekretuak lana estreinatuko da Korrika Kulturalaren baitan
2015/02/19
Bertsolaritzaren sekretuak emankizuna Hernanin estreinatuko da igandean, 19:00etan, Biteri Kultur Etxean.
Historiak sekretuan gorde ditu mendeetan zehar izan diren emakume bertsolariak. Emakume hauen lana gaur egunera iristeko zailtasun asko izan badira ere, -beraien bertsoak erre, gorde eta isildu baitira-, batzuk errekuperatzea lortu da.
Emakume bertsolarien ikurra izan zen Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena, “Xenpelar” zenaren iloba. Joxepa Anttoni ez zen aurrena izan, ezta azkena ere. Joxepa Anttonirena bezala, askoren ezagutza galdu da bidean eta isilduriko emakumeen historia ekarri nahi da argitara.
Ikuskizunaren bitartez emakume haiek bizi izandako egoerak, denboran eta espazioan atzera eta aurrera, narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta argitara ekarri nahi izan dute.
Bertsolaritzaren sekretuak lana ikusteko aukera gehiago:
Otsailaren 26an, Iruñean, Nafarroako Antzerki eskolan, 20:00etan.
Martxoaren 7an, Mungian, Olalde aretoan, 20:00etan.
Martxoaren 8an, Elizondon, Arizkunenea aretoan, 19:00etan.
Martxoaren 12an, Baionan, Kalostrape ostatuan, 19:30ean.
Martxoaren 14an, Eskoriatzan, Zaldibar antzokian, 22:30ean.