Igandean amaituko da Ahots Baten sormen egonaldirako izen-ematea

2018/11/29
www.mintzola.eus atarian eman daiteke izena edo 943 693 870 zenbakira deituta. Bertsoaz gain, antzerkiarekin, kantuarekin eta literaturarekin esperimentatuko dute gazteek egonaldian.

Azken urteotan, gazte sortzaileek gordeta izaten dituzte abenduaren 26tik 30erako egunak. 2015etik, egun horietan antolatzen du Mintzola Ahozko Lantegiak, beste hainbat eragilerekin batera, Ahots Baten sormen egonaldia; eta aurtengoa ez da salbuespen. Aubixako aterpetxean, Elgoibarren (Gipuzkoa) gauzatuko da 2018ko egonaldia.

Bertsoarekin jolasteaz eta sortzeaz gainera, antzerkiarekin, kantuarekin eta literaturarekin ere aritzen dira Ahots baten sormen egonaldiko parte-hartzaileak. Adituak ere izango dira eurekin: aurten, bertsolaritza lantzeko, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi jongo dira Aubixara. Oier Guillan antzezlea, Danele Sarriugarte idazlea eta Jon Basaguren abeslari eta musikaria ere izango dira gonbidatu.

Igandean, abenduaren 2an, amaituko da izena emateko epea. Horretarako, www.mintzola.eus atarian atondutako orrian eman daiteke izena edo 943 693 870 telefono zenbakira deituta.

Egitasmoari buruzko informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian.

Antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura, Ahots Baten sormen egonaldian. / XDZ