Ibilitako bidea sari!

2021/05/12
Ibilbideari Elkar Saria eman berri zaio Bertsozale Elkarteari. Ibilbide hori ezagutu ez ezik bizi egin du Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakari ohiak.

Zegamako plazatik erakutsi zidaten Jakatarren bizileku izandako Mendieta baserria. Hura aldapa, pattarra, malda…Nahi duzuen bezala, baina ahuntzak ere kranpoiekin ibili beharrekoa! Zortzi anaia munduratu omen zituzten Etxarritik etorritako gurasoek, eta handik hasi omen ziren liburu salmentan (Joseba bereziki). Zabal, Zabaltzen sortu, eta geroago Elkar Fundazioa antolatu, besteei egindakoa aitortuz, loreak botaz, animoak emanaz… Elkarrengandik badugu zer ikasia! Mila esker.

Bertsozale Elkartearen sorrerak aurrera begira bertsolaritzaz ardura hartzea suposatu zuen, eta bertsozale-bertsolari komunitatea eraiki genuen, borondatezko lana eta profesionala uztartuz, bien zamak orekan eramatea izan delarik buruhausterik handienetakoak eman dizkiguna eta oso kontuz zaindu beharko duguna jardun osasuntsua izango bada.

Sorrera gatazkatsua izan genuen. Ondoren, geure artean ere izan genituen tirabirak, eta Administrazioarekin elkarlana autonomiatik eta berdinetik berdinera ikusi izan dugu. Onarpena ere etorri zen baina… beti "baina" hori hor izan dugu. Soka beti tenk eduki dugun sentsazioa daukat, batzuen ustez, beldurtutako Administraziotik soilik lor zitekeelako zerbait positiboa. Beste batzuen iritziz, berriz, tentsioa beharrezkoa da harreman horietan, baina jarrera ozpinak ez dakar emaitza hoberik!

Horrela, elkarlana eskaini zaio Administrazioari, gure proiektuak behin eta berriz azalduz eta adieraziz; arrakasta duten jardunak hizkuntzaren eta hezkuntzaren esku jarriz, proiektua partekatzeko konplexurik gabe.

Bertsolaritza biziberritzeko ideiak eta ildo estrategikoak, metodologia berriak, proiektu landuak aplikatu ditugu bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, udalekuetan… eta horrekin batera, telebista, irratia, Internet… espazio natural gisara darabilgu gure proiektua, bizi eskola eta belaunaldi berrien entrenamendu izan dadin, bai sorkuntzarako eta bai belaunaldien arteko entzute eta ulertze ekintza gauzatzeko. Zehar lerroak kontuan izaten eta jorratzen ohitzeko lurraldetasuna, parekidetasuna, genero ikuspegia…

"Arrakasta duten jardunak hizkuntzaren eta hezkuntzaren esku jarriz, proiektua partekatzeko konplexurik gabe"

Auzolanean oinarritutako bilketa sarea osaturik elikatu dugun Xenpelar Dokumentazio Zentroa daukagu, bildu eta erabiltzeko materialen habia; bertsoa oinarri harturik euskarazko kultura, ikertu, astindu eta geroratzeko indartsu behar dugun tresna.

Herrigintza, elkartegintza, auzolana…garai berrietara egokitzen aritu beharra argi dagoenean, izurriteak plazako jarduna antzutu digunean, Lankuren lana zailduz eta zango trabatuz, berrasmatzeko  gaitasuna duten sortzaileak eman behar dizkiogu bertsolaritzari, eta, oro har, jendarteari; gazte ekintzaileak eta harreman humanoek aberastuak, baina, aldi berean, online eroso aritzeko prestatuak.

Mintzola fundazioak EHBEaren proiektuari bultzada eta sendotasuna emango zion ustekoa nintzen, baina aurrera irmo egin ezinik dago, itolarrian. Ez dugu asmatu kide guztiok adostasuna, enpatia eta inplikazioa maila berean lortzen, agian, formula ez da gure izaera edo jardunerako aproposena.

Bukatzeko, sari honek hauxe eskatzen digu: zer izango den irudikatu bai, baina ez dakigun etorkizuna elkarlanean eraikitzeko motiba gaitzan tresna gisara hartzea bertsozale-bertsolari komunitatea osatzen dugun guztiok.

Mugitzen den harriari goroldiorik ez!