Ia 200 bertso emanaldi, ikasturtea agurtzeko

2019/05/06
26.300 ikasle baino gehiagorekin landu da ikasturte honetan bertsolaritza. Zeregin horretan aritu dira Bertsozale Elkarteko 53 irakasle, eta, aurten, www.bertsoikasgela.eus atari berriaz gozatu ahal izan dute irakasleek, ikasleek zein ikastetxeek.

Topaketak, kantaldiak, besta egunak. Izen ezberdina hartzen badute ere, denek dute bertsolaritzaren ikasturtea behar bezala biribiltzeko egitekoa. 2018-2019 ikasturtea amaitzear da, eta, urtean zehar egindakoaren erakusleiho izan ohi dira oholtzak orain. Apiriletik ekainera bitarte, 196 bertso emanaldi gauzatuko dira, ikasleek gurasoei, ikaskideei edota herriko bizilagunei ikasitakoa, eta gozatutakoa, erakusteko.

Euskararen 7 lurraldeetan, 205 herritan, 469 ikastetxetan eta 26.366 ikaslerekin landu dugu hitzaren jolasa, Bertsozale Elkarteko 53 irakasleren eskutik. 34 urte bete ditu bertsolaritza ikastetxeetan txertatu duen Bertsozale Elkartearen egitasmoak. Aurtengo ikasturtean, gainera, www.bertsoikasgela.eus atari berriaz gozatu ahal izan dute ikasleek, irakasleek zein ikastetxeek. Webgune horretan bertsolaritza lantzeko baliabideak esku-eskura jarri dira, egitasmoa garatzen den eskoletan.

Ikasgela bakoitzak bere emanaldia prestatuko du, izan bat-bateko saioak, urtean zehar gehien gustatu zaizkien sortak edota bertsoa duten antzerki txikiak.

Araban topaketak egingo dituzte Gorbeialdean, Lautadan, Amurrion nahiz Laudion. Bizkaian ere 18 topaketa egingo dira herri edota eskualde mailan, eta eskualdeko bi bertsolarik hartuko dute parte horietan. Bestalde, Mikel Inunziaga musikariaren laguntzarekin 50 kantaldi eskainiko dira, ikasturtean landutako bertso sortak gogora ekarriko direlarik.

Herri mailako 82 jaialdi egingo dira Gipuzkoan, eta bertsolaritza lantzen duten 13 eskola txikietan, ikasturte bukaerako eskola jaialdiaren baitan egingo zaio tartea bertso emankizunari. Nafarroan ere ikastetxe eta herri mailako 22 jaialdi egingo dituzte, eta, zenbaitetan, eskualdeko bertsolariek eta bertso eskolek ere hartuko dute parte.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari dagokionez, Seaskako ikastolekin lau Bertsulari Ttiki egun ospatuko dira; ikastola bakoitzak bere emanaldia eskainiko du, Oskar Estanga musikariak eta bi bertsolarik lagunduta. Beste hiru besta ere egingo dira.

Bertso Udalekuak

Eskolartekoa eta ikasturtea bukatuta, bizkar zorroa Bertso Udalekuetarako prestatzen hasiko dira bertsozale gazteak. Uztaileko lehen egunetan hasita, Duzunaritzen, Uitzin, Aubixan, Orion eta Zuhatzan izango dira, laster.

Ikasturtean egindakoa erakusteko, oholtzara! / Iturria: XDZ